Jaialdia bukatzeko, Bertsoband
Ahozkotasunari gorazarre egiteko Ahoz aho jaialdia azken txanpan sartu da. Hilaren 22an, bihar zortzi, inguratu ziren «kalabaza forma duen konstelazioaren lehen izarrak» Ordiziara, eta bihar azken saioa egin ondoren, Bertsoband ikuskariarekin emango zaio bukaera etzi kontalarien eta kantalarien unibertsoari.
Ahoz aho jaialdiaren koordinatzaile May Gorostiagak eta Bea Larrañagak, Belen Maiza kultura zinegotziak, Josune Aierbe Beti-Argi bandaren zuzendariak eta Aitor Calvillo Goierriko Bertso Eskolaren zuzendariak astelehenean aurkeztu zituzten Ordizian astebururako iragarritako dauden ekitaldiak.
Bertsoband ekimen berritzailea da Goierrin. Aurrez, Hernanin eta Lekeition egin izan dute antzeko ikuskizun bat, eta saio horiek gustatuta, Beti Argiko Aierbe Goierriko Bertso Eskolakoekin jarri zen harremanetan Ordizian ere antzeko zerbait sortzeko. Bertso eskolakoek begi onez ikusi zuten proposamena. Lehen emanaldia Ahoz aho jaialdiaren barruan egitea adostu ondoren, lanean buru-belarri hasi ziren, eta «entsegu dezente» egin dituzte harrezkero, Calvillok esan duenez. «Guretzat berritzailea den zerbait da, eta bi bertsolariek ere gogo handiz heldu diote».
Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategik beasaindar bertsolariak izango dira Irati Arrieta gai-jartzailearen aginduetara larunbatean kantari ariko direnak. «Esan zortzi doinu prestatu dituztela, eta gehiago jakin nahi duenak larunbatean plazara azaldu beharko du». Musika jartzea Beti-Argikoen kontua izango da.
Gala nagusia eta lehiaketa
Larunbatekoaren aurretik, bihar, Ahozkotasunaren Gala Nagusia egingo da 19:00etan Herri Antzokian. Hilaren 22tik atzo arte Ordizian izan diren saio eta kontakizunetan parte hartu duten hamabi artista igoko dira oholtzara, tartean Ordiziako Urrup antzerki taldekoak eta Marisol Cavero.
Eta Gala Nagusiaren barruan Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketaren finala jokatuko da. Hilaren 23an izan zen kanporaketan sei lagun aritu ziren kontalari lanetan: Ibai Esoain (Orio), Aitor Navarro (Donostia), Amaia Pagola (Tolosa), Gorka Lariz (Ordizia), Joseba Lizeaga (Urnieta) eta Aizkoa Olabarrieta (Gorliz). Irantzu Mantxo kontalaria, Intujai teatroko Bea Larrañaga, Belen Maiza kultur zinegotzia eta bildutako publikoa izan ziren epaileak, eta haien ustez, Esoain, Lariz eta Olabarrieta izan ziren onenak. Hirurak antzokian izango dira bihar.
May Gorostiaga jaialdiaren koordinatzaileak balorazio «oso ona» egin du jaialdiak orain arte eman duenaz, eta ziur azaldu da datozen urteetan jende gehiagok emango duela izena narrazio lehiaketan parte hartzeko. «Ordiziako ikastetxeetan egiten ari garen lana nabarmenduko nuke, oinarri sendoak jartzen ari baikara. Joan den ostiraleko saioan umeak aritu ziren ipuinak kontatzen, eta hori ez da leku askotan ikusi». Belen Maiza zinegotziak «ahozkotasuna erreibindikatzen» jarraituko dutela nabarmendu du.