Aurreko astean konpost ikastaroa egin zuten Zaldibian. Bukaeran 30 konpostagailu gehiago eskatu zituzten herritarrek. Denera ehundik gora dira dagoeneko./zaldibia.org
Hamasei bilera egin eta 620 herritarren parte-hartzea izan ondoren, Zaldibian zehaztu dute hondakinak biltzeko sistema berria nolakoa izango den. Etxean gaika bereizi —organikoa, ontziak, papera-kartoia eta errefusa—, eta bakoitza dagokion ontzian eta izendatutako egunean atera beharko da. «Aurreko sistemarekin alderatuta, diferentzia bakarra da: orain arte sailkatutakoa edukiontzi komunitarioetan botatzen zen, eta aurrerantzean asteko egutegi baten arabera, ontzi indibidualetan», azaldu du Sasieta Mankomunitateak.
Sasietan lore prozesuan, bilketa eredu berria finkatu den lehen herria da.
Bilketaz gain, beste berrikuntza nabarmen bat izango dute zaldibiarrek: lehenbiziko aldiz gai organikoa —jan hondarrak, barazki eta fruta soberakinak…— aparte jasotzen hasiko da Sasieta. Orain arte zabortegira bota dira.
Informazio-orrian zehazten denez, asteko egun guztietan jasoko ditu Sasietak hondakinak Zaldibian. 20:00etatik 23:00etara da ordutegia. Organikoa hiru egunetan atera ahalko da, astelehen, ostegun eta larunbatetan. Ontzi arinak eta plastikoak astearteetan eta ostiraletan bilduko dituzte. Papera eta kartoia asteazkenetan; eta errefusa igandeetan.
Bost ontzi etxeko
Bost hondakin zatiki horiek etxean ontzi banatan bereizi behar dira. Bost ontzi banatuko ditu Sasietak, etxeko. Organikoarentzat bi emango dituzte, kolore marroikoak: aireztatutakoa beti etxean edukitzeko da, poltsa konpostagarriarekin; ontzi handiagoa itxia da, eta dagokionean kalera ateratzeko erabili behar da.
Horiez gain, paper-kartoientzako ontzi urdina; pote, lata eta plastikoentzat horia, eta errefusarentzat grisa izango dira.
Paperaren kasuan, etxebizitza bakoitzeko bizilagunek erabakiko dute kalera norbere ontziak atera, ala etxe-multzo osoko edukiontzi komunitarioan pilatu eta hura eraman biltokira. Pixoihalak eta konpresak, berriz, egunero atera ahalko dira, poltsa berezi batean sartuta, egun horretan tokatzen den ontziaren barruan.
Bilketa tokiei dagokienez, Zaldibiako bizilagun gehienek lurrean utziko dituzte ontziak. Bizitza askoko etxeetan, hormako zintzilikarioak edo kakoak jarriko dira. Ontziek etxebizitza bakoitza identifikatuko duen kodea edukiko dute. Maiztasuna, bilketa ordua, altxaldi kopurua eta beste ezaugarri batzuk kontrolatuko ditu Sasietak zenbaki horiekin.
Kalean, orain arteko leku berean mantenduko dira beiraren edukiontzia, arropena, pila eta sakelako telefonoena, eta erabilitako olioarena. Traste zaharren bilketak eta garbiguneen zerbitzuak —Ordizian, Beasainen eta Urretxun daude— berdin jarraituko dute.
Landa eremuko herritarrentzat eta bestela ezin duten erabiltzaile jakinentzat bi gune jarriko dituzte, hondakinak uzteko: Biloren eta Tejerian. erabiltzaileak identifikazio-txartel batekin sartu ahalko dira. Gainontzeko bizilagunek, larrialdi kasuetan, udaletxean eska dezakete.
Arrain ontziak eta poltsak
Sasietak, bestetik, arraina erosteko plastikozko ontziak oparituko ditu Zaldibian, udalarekin eta Ana Mari arrandegiarekin elkarlanean. Erabiltzera ohitzeko, hilero 50 euroko erosketa-txartela zotz egingo dute, sei hilean.
Herriko komertzioetan, bestetik, poltsa berrerabilgarriak emango dituzte, doan.
Aurreko astean konpost ikastaroa egin zuten Zaldibian. Bukaeran 30 konpostagailu gehiago eskatu zituzten herritarrek. Denera ehundik gora dira dagoeneko./zaldibia.org