Beldurrik gabe
Super 8 filmagailu batekin hartutako irudiak dira. Emakume gazte bat ageri da pantailan, eta off-ean, gizonezko ahots batek emakume hori zenbateraino maite duen esaten du. Pantaila azpialdeko letra txikiei erreparatuta, edozeinek erosi ezin duen auto markaren hiru hizkiak daude. Gizonezkoak, urtetan ondoan izan duen emakumearen parean jarri du bere autoa. Telebistan behin eta berriro emango duten iragarkia da; gehienek normaltzat hartuko dutena. Gizarteak, naturaltasuna galdu gabe, emakumeari ematen dion tokiaren isla da. Edota, gizartearen oinarriak betetzen dituen ernamuinaren adibide soila, emakumeen aurkako indarkeria era naturalean egunerokoan txertatzen duena. Eta, emakume horrek adinik ez dauka, indarkeriak adinik ez duen bezala.
Indarkeria jasaten duten emakumeen kopuruak atzeratuta datoz beti. Orain eskuratu daitezkeen datu bakarrak 2011 urtekoak dira. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 4.858 salaketa ipini zituzten Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren arabera. Horie- tatik, 30 urtetik beherako emakumeek jarritakoak %36 izan ziren. Datu hauek Goierrira ekarrita ez legoke alde handirik.
Ordizian Berdintasun Batzordea iaz jarri zuten martxan, legealdi berriarekin batera. Edurne Gutierrez Ordiziako Udaleko Berdintasun eta Gazteria zinegotziak esan du «batzordearen asmoa da herrian dauden beharrak antzematea» dela. «Udalak abiarazi zuen arren, batzordea ez dago udalaren menpe». Leire Kortajarena berdintasun batzordeko kidea eta berdintasun teknikaria da ikasketaz; Kortajarenak udalarekiko independentzia azpimarratu du, eta«batzordean udalarekiko ikuspuntu kritikoa zilegi» dela dio.
Emakumeen aurkako indarkeriaren gaineko datu faltaren harira, Kortajarenak datuen sistematizazio eza bera, sintoma bat dela azaldu du: «Badakigu Ordizian hilero bi edo hiru kasu daudela, badakigu emakume gazteak daudela tartean, eta erakundeek egiteke duten zerbait dela uste dugu». Nerea Elias berdintasun batzordeko kidea eta antropologoa harago doa: «Azkar asko esaten digute nongotarrak diren biktimak, baina adina ez digute esaten. Ikusten dugunaz gain, datuek egoeraren neurria hobeto emango ligukete. Erakundeen erronka da».
Gizartea, eszenatoki
Indarkeria jasan duten emakume gazteen kopuru handia azaltzeko, «gure gizartean indarkeria egiturazkoa da» esaldia da Eliasen abiapuntua. «Gizarte batean bizi gara, non emakumeen aurkako indarkeria onartuta eta justifikatuta dagoen. Kolpea ezik –horretan aurrera egin dugu pixka bat– beste indarkeria mota guztiak onartzen dira. Gazteak, hain zuzen, eszenatoki horretan bizi dira». Biolentzia fisikoa ez diren indarkeriak dira, esate baterako, kontrola, jelosiak edota umiliazioak, besteak beste. «Horiek identifikatzea da benetako erronka, eta naturaltzat ez jotzea». Izan ere, Eliasek gehitu du eszenatoki hori bere horretan mantendu dadin «oso mekanismo indartsuak» daudela, «eta gurea munstro baten kontrako borroka da». Mekanismo horien funtzionamenduaren adibide bat baino gehiago jarri dute Ordiziako Berdintasun Batzordeko kideek: banpiro gaztetxoen istorioak oinarri duten film saga eta pentsatu baino telesail gehiago. Horien guztien publikoa gaztea da oso.
Maitasun erromantikoa
Munstro horrek ereduak eta estereotipoak elikatzen ditu etengabean. Eta, emari hori zuzenean jasoko dute gazteek ere. Eliasek maitasun erromantikoaren irudiari heldu dio: «Maitasun erromantiko bizi horren irudia toki guztietan jaso ahal dugu. Lehenengo maitasunean kokatzen badugu, izaera oraindik osaturik ez dugunean, nola babestu gaitezke? Non jarriko dizkio neskak mugak mutilari? Nola negoziatuko du bestearekin?». Izan ere, printze eta printzesen maitasun ereduak emakumeari uzten dion lekua ez doa kristalezko zapatatik harago. Aurora Iturriotz Urola Garaiko Mankomunitateko berdintasun teknikaria da. Emakume ordiziarrek esandakoa bete-betean berretsi du. Indarkeria egiturazkoa da, eta maitasun erromantikoaren harira dio, «neskek zein mutilek oso modu ezberdinean» ulertzen dutela maitasuna. «Neska mutilaren maitasuna galtzearen beldur izango da, baina mutilak ez du beldur hori izango». Iturriotz Berdinsareako partaidea da beste hainbat berdintasun teknikarirekin batera, eta egindako ikerketak eskuan, gazteen %80k uste du neskek bikotekideei atsegina eman behar dietela. «Ez dute indarkeria babesten, baina argi diote salbuespenak daudela, esate baterako, neskak mutilari adarrak jarriz gero».
Emakumeen eta gizonezkoen arteko diferentzia, Iturriotzen arabera, «gizarteak egindako lehenengo bereizketa da». Eta gizarteak, ertzeetako hesiak eraikitzeko beti egin izan ditu bereizketak hala arraza nola generoa, hala erlijioa nola ondasun kopurua. Finean, botere harremanen egituraketaren oinarria da. Iturriotzen esanetan,«botere berari buruzko hausnarketa egin beharko genuke».
Giltza bila
Ordiziako Berdintasun Batzordeko emakumeek argi daukate, emakumeen aurkako indarkeriari mugak jartzeko bidea kontzientzia hartzea da, egoera agerikoa bihurtzea. Bide hori egiteko ezinbestekotzat dute emakumeen ahalduntzea. Eliasen arabera, «emakumeok lanabesak izan behar ditugu indarkeria mota guztiak identifikatzeko». Gizonezkoei dagokien lanari buruz, Iturriotzek honakoa dio: «Erantzukizunez jokatu behar dute. Ez dira gizartearen biktimak, gizonak botere sistema honen onuradunak dira. Arduraz jokatzeak aske egingo ditu».
Guztiek errepikatzen duten beste hitza prebentzioa da. Ordiziako Berdintasun Batzordeak hezikidetza eta partaidetza ekintzak bultzatu ditu gazteen artean. Kortajarenaren hitzetan, «gazteak ez dira batzordera etortzen, bere espazio propioa dute eta horretan batzordeak malgua behar du, horregatik joan gara gu beren espaziora». Eliasek batzordearen jarduna laburbildu du: «Esparru guztietan zirikatzea egokitzen zaigu, herrian egiten diren ekintzetan presente egoten saiatzea. Erakundeek beti uzten dute gerorako berdintasuna, eta gure lana desertuan predikatzea bezain zaila da».
Beldur barik
Iturriotzek barrutik ezagutzen du Beldur Barik kanpaina, Berdinsareak sustatu baitu. Kanpaina askok emakumeari salatzeko eskaera egiten diote, Iturriotzen iritziko, «aterabidearen pisu guztia bere gain jartzen dugu, urrats guztiak berak eman behar ditu? Guk, beldur barik jarrera aldarrikatzen dugu». Jarrera hori zertan datzan galdetuta, argi erantzun du: «Emakume guztiok, berandu baino lehen, indarkeria sexista jasango dugu modu batean edo bestean. Horren aurrean beldurrik gabe jokatzea da gure hautua».
Horretarako, bideo lehiaketa, prestakuntza eta hausnarketa lantzen dituzte gazteekin.
Eszenatoki honetan emakumeen gizarteratze ereduak zaintzara kateatzen ditu. Eszenatoki beraren zentroan, gizonezkoak biolentziara lotzen ditu nahita ez. Munstroa atzematea eta zalantzan jartzea da eraldaketarako lehenengo urratsa, hortik gertuago legoke berdintasunezko gizarte bat; gizarte bidezkoago bat, alegia.