Spora enpresak ez duela zabor sistemarik onena zein den aztertu salatu du EAJk
Ataun, Lazkao eta Ordiziarako atez ateko sistemaren bideragarritasuna aztertu eta hiru herrietako zinegotziei txostena aurkeztu zien asteazkenean Spora enpresako teknikariek. Bertan, gaikako bilketa sistema bideragarria dela ondorioztatzeaz gain, errauste planta edo gisako tratamendu sistemekin uztartzea ez dela zuzena jasotzen da. Lazkao eta Ordiziako EAJko kideak, baina, kritiko agertu ziren atzo prentsaurrean, azterketa horretan “Bildukoek nahi zutena ondorioztatu” omen dela-eta. Azterketa egin den moduaren eta emaitzaren aurrean desadostasuna agertu zuten.
Patxi Albisu Lazkaoko zinegotziak azaldu zuenez “txostenak ez du zabor bilketa sistemarik hoberena zein den aztertzen”. Egoeraren diagnosia “ez da behar bezala egin” zinegotziaren ustez: “datu esanguratsuak ezkutatu egin dituzte”. EAJkoaren arabera “Bildukoek nahi zutena jaso da” Sporaren azterketan. “Arduradun politikoek agindu zien teknikariei atez ateko sistema eszenatoki errealista dela esateko, erabaki politiko baten araberako azterketa izan da”, azaldu zuen. Hala, Sporaren azterketa zinegotziei aurkeztea “antzerkia” izan dela esan zuen Albisuk.
Lazkaoko Udala “gaur egungo sistemari boikot” egin ari dela ere salatu zuen EAJkoak. Bere hitzetan, Lazkaon indarrean egon den txartel sistemarekin lortutako berziklatze datuak “ezkutatu” egin ditu Sasieta Mankomunitateak eta hori ere “erabaki politiko” baten ondorio izan dela esan zuen.
Jose Miguel Santamaria EAJko kideak, bestalde, atez ateko bilketa sistema “garestiagoa” dela berretsi zuen, nahiz eta hondakinak gaika bilduta “ordainetan gehiago jasoko” dela onartu. “Guk uste dugu Itsasondoko edo Lazkaoko ereduekin ere berziklatze tasak atez atekoaren parekoak izan daitekezkeela, edo hobeak”, azaldu zuen. “Gogoratu nahi duguna da, Sasieta Mankomunitatearen datuen arabera, Itsasondon gaika jaso den zaborra %90ekoa izaten dela. Orain atez atekoa jarri behar dute: Bilduren esanetan %80ko dautak ematen dituena. Zergatik?”.
Prentsaurrean eskera bat ere egin zion Bilduri Santamariak: «Sasietak zabortegia ixteko eta 50 urtez mantentzeko diru funtsa horretarako erabiltzea nahi dugu. Hala izango dela erantzun digute eta horrela izatea espero dugu».