Datozen hilabeteetarako oinarriak finkatzen hasi dira Nazioen Munduko kideak
Beasaingo Igartza jauregian batzarra egin dute gaur goizean Nazioen Munduko kideek, eta bertan, datozen hilabeteetarako dituzten asmoen oinarriak finkatzen hasi dira. Orain arte egindako bidetik, pauso bat gehiago eman nahi dute, apirilean Eskoziako delegazio batek Euskal Herrira egingo duen bisita batekin hasita.
Anjel Oiarbidek azaldu duenez 2014an jarri du Nazioen Munduak hurrengo mugarria: Euskal Herri mailako jaialdi erraldoi bat egitea. Hala, 2008ko San Blas jaietan Idiazabalen hasitako bidea Goierrira zabaldu ondoren, Euskal Herrira zabaltzea da orain helburua. Eskozian eta Katalunian 2014rako autodeterminazioaren inguruan iragarrita dauden ekitaldiak aprobetxatuta, “horiek duten indarra baliatuz, guretzat ere berezia izango den mugarria jarri behar dugu, eta hori gure esku dago”, zehaztu du Oiarbidek. Ikusi egingo dugu izango da aurrerantzean Nazioen Munduak erabiliko duen leloa –Pasalanga, Unea iritsi da, Gero eta argiago eta Gure esku dago leloen ondotik–.
Nazio mailako jaialdia Donostian egitea aurreikusi dute antolatzaileek, 2014ko Aste Santuan (apirilaren 17tik 20ra bitartean). Kirola, kultura eta politika uztartuko ditu, eta horretarako, Euskal Herriko eragile ezberdinen babesa ari dira jasotzen. Euskal Herriko, Kataluniako eta Eskoziako ordezkariek euren txokoa izango dute hiru arlo horietan Donostian izango den jaialdian.
Jaialdi horretarako, ordea, aurretik egin beharreko batzuk ere zehaztu dituzte gaurko batzarrean. Apirilean Eskoziatik Goierrira etorriko den delegaritza izango da lehen pausoa, eta ondoren urtero eskualdean antolatzen duten jaialdia. Topagunea Beasain izango da aurten, ekainaren 1ean. 2013a bukatzerako beste hainbat ekintza ere iragarri dituzte, eta asmoak betez gero, orain arte Nazioen Mundua taldeak autodeterminazio eskubidearen alde egindako bidean pauso garrantzitsuak emango dituzte.