Eguneroko materialak elementu kutsakor bihurtzen ez uzteko deia egin du Legazpiko Zero Zabor taldeak
Legazpiko Zero Zabor taldeak deituta, dozenaka herritar bildu dira goizean Euskal Herria plazan, eta eguneroko jardunean erabiltzen diren materialak alferrik galtzen utzi eta elementu kutsakor ez bihurtzen uzteko deia egin dute. Eguneroko “bizimoduaren eta ohituren ondorioz” hondakinekin “arazo larria” sortu dela azpimarratu dute, eta horri aurre egiteko ezinbestekotzat jo dute “gizartearen aldaketa bultzatzea, zero zabor filosofia hartuta helburutzat”.
Bide horretan, eta arazoa gainditzeko, “jokaera arduratsua eta zentzuduna hartzea derrigorrezkoa” dela irizten du Legazpiko Zero Zaborrek, eta horregatik, “sortutako hondakinen bilketa eta tratamendua ahalik eta modu eramangarri eta eraginkorrean” egin behar dela uste dute.
Horretarako, “produktuak berrerabiltzea eta birziklatzeko diseinatzea” eskatu dute gaurko agerraldian. “Mundua aurreko belaunaldiek jasotako aukera berdinekin jasotzeko eskubidea eta mundua hurrengo belaunaldiei jasotako aukera berdinetan uzteko betebeharra” ere aldarrikatu dute. Zaborra sortzen dutenak arazoaren parte direla esanez, arazo horri irtenbidea ematea gizarte osoari dagokiola nabarmendu dute: “Badakigu hori posible dela. Hainbat tokitan frogatu dute gaur egungo egoera irauli daitekeela ohitura aldaketa txiki batzuekin. Beraz, saia gaitezen gure esku dagoena egiten helburu hori lortzeko”.