Itzalaldi zaratatsuak egingo dituzte ostegunean autopista elektrikoaren aurka
Autopista Elektrikorik ez! plataformak deituta, itzalaldi zaratatsuak egingo dituzte ostegunean eskualdeko hainbat herritan. 20:00etan hasi eta ordu erdiz, herriko argi guztiak itzaliko dituzte, eta lapikoak, zartaginak eta bestelako gailuak erabilita zarata egingo dute, euren herrietatik eta inguruetatik goi tentsioko linearik igarotzerik ez dutela nahi azpimarratzeko. Deialdia egiteko Mutiloan elkartu dira arratsaldean hainbat goierritar.
Plataformatik jakinarazi dutenez, “zuzenki kaltetutako hiritarren eta tokiko erakundeen gaitzespen orokorrari entzungor eginez, REE S.A enpresak Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso artean 400.000 voltioko goi tentsioko linea eraikitzeko proeiktuarekin aurrera jarraitzea erabaki du”. Erabakiak “multinazional elektrikoen interes espekulatiboen alde” egiten duela salatu dute beste behin, linea igaroko den herrietako biztanleen “osasunaren, ekonomiaren, ingurumenaren eta herrien etorkizunaren gainetik gailenduz”.
Gaur mutiloan egin duten agerraldiarekin eta ostegunean egingo duten ekintzarekin “herrien etorkizunarekiko konpromisoa eta bertan diuntasunez bizitzeko eskubidea” aldarrikatuko dute, “goi tentsioko linea bezalako proiektuen aurrean kontua ez delako eskualde batzuk besteen mesedetan zigortzea. Gutxi batzuentzako onuren truke gehiengoak lurraldearen gainean dituen espektatibak baldintzatzeaz ari gara, monopolio elektrikoa beren esku duten enpresena hain zuzen ere”.