Ampok %35eko hazkundea izan du eta 20 milioi euro inbertituko ditu
Ekonomia krisiak enpresa gehienak gogor jo dituen garaian, harrotzeko moduko datuak lortzen ari da Idiazabalgo Ampo kooperatiba. Pasa den urtea %35eko hazkundearekin eta 155 milioi euroko negozio zifrarekin bukatu dute, eta aurten, 20 milioi eurotik gorako inbertsio plan bat jarriko dute martxan. Hala, 2013an ere, hazkundearen bidetik jarraitzeko asmoa dute; helburua %22ko hazkundean jarri dute, eta 190 milioi euroko muga dute begiz jota. Krisiaren aurretik zituzten kopuruak baino hobeak dira horiek.
Arkaitz Apalategi
Goierri
Ekonomia krisiak enpresa gehienak gogor jo dituen garaian, harrotzeko moduko datuak lortzen ari da Idiazabalgo Ampo kooperatiba. Pasa den urtea %35eko hazkundearekin eta 155 milioi euroko negozio zifrarekin bukatu dute, eta aurten, 20 milioi eurotik gorako inbertsio plan bat jarriko dute martxan. Hala, 2013an ere, hazkundearen bidetik jarraitzeko asmoa dute; helburua %22ko hazkundean jarri dute, eta 190 milioi euroko muga dute begiz jota. Krisiaren aurretik zituzten kopuruak baino hobeak dira horiek.
Peio Alzelai Ampoko koordinatzaile nagusiak, «salmenten bultzada handi horren giltzarriak» zein diren azaldu zuen. Hala, «erakundeko pertsonak bezeroarengana orientatzeko estrategia argia» dutela esan zuen. Horrez gain, «ikerketa, garapena eta berrikuntza alorrean inbertsio handia, eta nazioartean zabaltzeko azken hamarkadan egindako ahalegina» ere aipatu zituen Alzelaik.
Etengabeko berrikuntzaAltzairu herdoilgaitzean moldeatutako eta aleazio altuko balbulak egiten ditu Ampok, eta teknologia handiko balbulen diseinuan eta fabrikazioan espezialduta dago. Sektore horrek etengabeko berrikuntza eskatzen du, eta Ampoko arduradunen arabera, kooperatibak I+G+b-ren aldeko apustu garbia egina du. Azken ekitaldian, esaterako, «salmenten %2 ikerketara eta produktu, teknologia eta sistemen garapenera» bideratu zuten.
Hala, hainbat proiektu «bezero bakoitzaren ingeniaritza taldeekin lankidetzan» garatu dituzte; era berean, nazioarteko unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin elkarlanean aritu izan dira. Horrela, taldelanean eta bezeroaren nahiak hasetzea helburu hartuta, horien fidelizazioa lortzen saiatzen dira, sei oinarritan jardunez: «zerbitzua, kalitatea, kostua, laneko segurtasuna eta osasuna, ingurumena eta berrikuntza».
Lantaldearen eta pertsonen garrantzia etengabe azpimarratzen dute enpresaren arduradunek. Gainera, inguruarekin ere «konpromiso sozial garrantzitsua» dutela azaldu dute. Hala, 2013an, 30 enplegu zuzen eta zeharkako beste 50 inguru sortuko dituztela azaldu dute. GBE-NER taldeko kide ere bada Ampo, eta horren bidez, gizartera bideratutako hainbat ekimenetan parte hartzen dute, bai enpresak eta baita langileek ere.
Nazioartean zabaltzen
Balbulagintzan nazioarteko erreferentzia bihurtu da Ampo kooperatiba. Hala, bere produktuen %95 atzerrira saltzen dute, bost kontinenteetako merkatuetara; horien artean, AEB, Japonia, Korea, Txina, Errusia, Erresuma Batua edota Ekialde Erdia azpimarratu dituzte enpresaren arduradunek. 2013an zabalpen horrekin jarraitu nahi dute, Afrikako eta Errusiako merkatuetan duten presentzia indartuz, eta Kaspio itsasaldean ere sartuz.
Energiaren sektorea, mundu mailako krisiari izkin egiten ari zaion bakarretakoa dela esan liteke. Hala, Amporen bezero nagusien artean dauden BP, Shell, Angloamerican edo Exxon etxeak, esaterako, inbertsioak egiten jarraitzen dute gas naturalaren, petrolioaren eta meategien sektoreetan.
Bide beretik, Ampok ere nazioartean zabaltzen jarraitzeko apustuari eutsi eta inbertsio garrantzitsua egingo du 2013an, egungo Ampo India ordezkatuko duen lantegi berri bat eraikitzeko. Horretarako lursail bat erosia dute dagoeneko Indian.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.