Urola Garaia Mankomunitateak merkatarien artean euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoa martxan du. Erabileraren datuak jaso berri dituzte, eta bisitatu dituzten 180 tabernetatik nahiz dendetatik, 172 establezimendutan lehen hitza euskaraz egiteko gai direla ondorioztatu dute.
Ekonomia krisiak enpresa gehienak gogor jo dituen garaian, harrotzeko moduko datuak lortzen ari da Idiazabalgo Ampo kooperatiba. Pasa den urtea %35eko hazkundearekin eta 155 milioi euroko negozio zifrarekin bukatu dute, eta aurten, 20 milioi eurotik gorako inbertsio plan bat jarriko dute martxan. Hala, 2013an ere, hazkundearen bidetik jarraitzeko asmoa dute; helburua %22ko hazkundean jarri dute, eta 190 milioi euroko muga dute begiz jota. Krisiaren aurretik zituzten kopuruak baino hobeak dira horiek.