Idiazabalgo Udalak autokarabanak non aparkatu arautu du
Azken urteotan autokarabanek izan duten gorakada ikusita, Idiazabalgo Udalak ibilgailu hauek non aparkatu arautu du. Horretaz gain, kanpotik datozenentzat gunea egokitzeko asmoa du.
Orain arte herritarrek autokarabanak kalean uzten zituzten, baina ibilgailu hauen jabeei herriko sarreran (Etxegarate aldetik) dagoen kamioientzako aparkalekua erabiltzeko aukera eskaini zaie.
Izan ere, autokarabanek arazoak sortzen zituzten. Hori dela eta, Udal ordezkariak jabeekin elkartu ziren konponbidea bilatzeko. «Ez diegu kalean aparkatzea debekatu, baina arau batzuk ezarri ditugu. Balkoien azpian ezin dira utzi, adibidez, lapurrei erraztasunak ez emateko», aipatu du Ioritz Imaz alkateak.
Aparkatzeko zailtasunik izan ez dezaten, kamioientzako aparkalekua eskaini zaie. Inguru hura hesituta dago. Hori dela eta, han dauden ibilgailuetan lapurtzea kalean daudenetan lapurtzea baino zailagoa da.
Herritar batzuek garajetan gordetzen dituzte autokarabanak, baina gehienek kamioien aparkalekuan utziko dituzte hemendik aurrera. Dagoeneko hamar bat lagunek eman dute izena bertan aparkatzeko.
Ibilgailu hauen jabeek aparkalekuan ur zikina botatzeko tokia eta mangera ere eskatu dizkiote Idiazabalgo Udalari. Imazek bideragarritasuna aztertzen ari direla azaldu du.
Dena den, eurentzako aparkalekuan ez bada ere, autokarabana zaleek aurki izango dute ur zikina botatzeko tokia eta mangera izango dituen gunea. Izan ere, udalak autokarabanarekin bidaiatzen duten turistentzako txokoa egokitzeko asmoa du.
Alkateak gune hori lehenbailehen eskaini nahi dutela azaldu du. Udarako zabalik izango da, seguru aski. «Toki ezberdinak aztertzen ari gara. Bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu. Aparkaleku gutxi izango ditu, baina ur zikina botatzeko tokia eta mangera ez ditu faltako».
Autokarabana zaleak gustura daude, noski. «Idiazabalen biztanleko autokarabana asko daudela esango nuke», aipatu du Aimar Lizarazuk. «Oker ez banaiz, Udalak 14 toki eskaini zituen eta ni izena ematen zortzigarrena izan nintzen. Dena den, autokarabana onak dituztenek estalpean gordetzen dituzte».
Aparkalekua beharrezkoa zela uste du. «Orain arte autokarabanak kalean uzten genituen. Gainontzeko herritarrei kaltea eragiten genien, bi autoren tokia hartzen baikenuen», onartu du idiazabaldarrak. «Herrian aparkaleku gutxi dagoenez, gure ibilgailuentzat tokia egokitzea erabaki ona izan da. Tokia ona da, itxita dago, urruneko mandoa dugu… Kalean uztea baino askoz ere hobea da».
Turistentzako gunea egokitzea ere ondo iruditzen zaio. «Guk ere arazo asko izaten ditugu aparkatzeko, kanpora joaten garenean. Guretzako guneak beharrezkoak dira. Geroz eta toki gehiagotan ari dira jartzen. Frantzian, adibidez, hemen baino askoz ere prestatuago daude».
Lizarazu iritsi berria da autokarabanen mundura, baina kanpin asko ezagutzen ditu. «Gurasoek furgoneta zuten eta kanpinetara joaten ginen. Autokarabana iaz erosi genuen, bigarren eskukoa».
Azken urteotan goierritar askok erosi dituzte halako ibilgailuak. «Krisia ez da asko nabari. Ibilgailu berrien salmentak behera egin du, baina bigarren eskukoena igo egin da. Izan ere, furgoneta berri baten eta bigarren eskuko autokarabana baten prezioa antzerakoa da», amaitu du Idiazabalgo autokarabana zaleak.