389 lagunek parte hartu dute atez atekoaren bileretan
Atez ateko sistema diseinatzeko prozesua bukatu berri da Seguran. 389 lagunek parte hartu dute: herritarren herenak. Sasieta mankomunitateak eta Udalak balorazio positiboa egin dute.
Lehen bilera otsailaren 13an egin zen eta azkena martxoaren 7an. Auzoz auzoko bilerak egiteaz gain; teknikariak merkatariekin, ikastetxeko langileekin, erretiratuekin, elkarte gastronomikoetako bazkideekin eta ostalaritzako langileekin elkartu dira.
Herritarrek ontzi arinen kuboa erabiltzea erabaki dute, poltsa horien ordez. Bestalde, bizilagun komunitate bakoitzak zintzilikarioa jarri edo ez erabakitzeko aukera izan du. Gehienek kuboak lurrean utziko dituzte. Zintzilikarioak (paretekoak) etxebizitza askoko eraikinetan bakarrik jarriko dira. Beira, pilak, sukaldeko olioa, arropa eta bolumen handiko hondakinak orain arte bezala jasoko dira.
Bestalde, segurarrek Sasieta mankomunitateak bilketarako proposatutako egutegia eta ordutegia aldatu dituzte. Hala, astelehenetan, ostegunetan eta larunbatetan organikoa bilduko da; asteartetan eta ostiraletan ontzi arinak; asteazkenetan papera eta igandetan errefusa.
Ordutegiari dagokionez, hasieran kuboak 20:00etatik 22:00etara ateratzea aurreikusten zen. Azkenean, bi ordu eta erdiko tartea izango da: 20:00etatik 22:30era.
Landa guneetako bizilagunentzat bi bilketa toki jarriko dira: bata hilerri ondoan eta bestea Zubiberrin. Bertan edukiontzi guztiak izango dira eta sartzeko identifikazio txartel bat beharko da. Larrialdi kasuetan, gainontzeko herritarrek ere erabili ahal izango dituzte gune hauek.
Udalak autokonposta ere bultzatuko du, bizilagunek hala eskatuta. Kanpaina martxan jarriko da eta lursailik ez dutenei autokonpost komunitarioa egiteko aukera eskainiko zaie. Erabiltzaileek hobariak izango dituzte.
Honen guztiaren berri emateko, informazio bulegoa ireki da udaletxean. Astelehenetan irekitzen ditu bere ateak: 8:30etik 14:30era eta 15:30etik eta 17:30era. Horrez gain, herritarren eskura jarri dira segura@sasieta.org helbide elektronikoa eta 671 423 387 telefono zenbakia.
Herritarrek kuboen kokalekuari buruzko proposamenak egiteko aukera dute oraindik. Horretarako informazio bulegoarekin jarri behar dira harremanetan edo udaletxera jo. Iradokizunak hilaren 22a baino lehen egin behar dira. Komunitateek paperarekin eta kartoiarekin zer egin hauta dezakete oraindik: kuboetan atera edo edukiontzian utzi. Horiek ere hilaren 22a baino lehen jakinarazi behar dute.
Herritarrek atez ateko sistema nolakoa izango den erabaki ondoren, hurrengo pausoa bilketa ereduari buruzko eskuliburua banatzea izango da. Etxe guztietara bidaliko da. Gainera, kuboak erosi behar dira. Azkenik, edukiontziak kenduko dira. Udalak eta Sasietak bilketa sistema berria San Joanak baino lehen martxan jartzea espero dute.