Idiazabalgo Aita Iparragirre ikastetxekoek Jose Luis Elio irakaslea omenduko dute
Aita Iparragirre ikastetxeko ikasle, guraso eta langileek urtarrilean zendu zen Jose Luis Elio irakaslea omenduko dute ostiralean. Gainontzeko herritar guztiak parte hartzera gonbidatu dituzte. Elioren emaztea eta alabak ere bertan izango dira.
Ekitaldia 16:00etan hasiko da. Hasteko, Aloña Galarraga irakasleak ikasleen laguntzarekin egindako bertsoak abestuko dituzte. Ondoren, Josemi Martins lankide ohiak jota bat abestuko du eta zuhaitz bat landatuko da Elioren oroimenez. Bukatzeko, guraso eta ikasleek dantza egingo dute eta emazteari eta alabei taila bat eta argazki bilduma bat oparituko dizkiete.
Eliok bizitza erdia baino gehiago eman zituen Idiazabalgo eskolan. Izan ere, duela 33 urte heldu zen Goierriko herri honetara. Urte berean hasi zen lanean egun ikastetxeko zuzendaria den Gurutze Baztarrika. Primeran elkar ezagutzen zuten, beraz.
Baztarrika ataundarra da eta ordurako Idiazabalen bizi zen, baina Elio iruñarra zen. «Ni B ereduan hasi nintzen eta bera A ereduan. Egunero Iruñeatik etortzen zen, lagun batekin».
Baztarrikak hasieran Haur Hezkuntzan lan egin zuen eta Eliok ikasle zaharragoekin. Ondoren, ordea, harreman estua egin zuten. «Bizikizun asko partekatu genituen», aipatu du.
Horietako bat, garrantzitsuenetakoa, herriko bi eskolen batzea izan zen. Idiazabalgo ikastola eta ikastetxe publikoa 1980an elkartu ziren. Aita Iparragirre ikastetxean D eredua bakarrik dutenez, Eliok euskara ikasi zuen.
Berehala, 1981ean, ikastetxeko zuzendaria izan zen. Horretaz gain, urte askotan parte hartu zuen zuzendaritza taldean. Gorputz heziketa irakaslea ere izan zen. Kirola zen, hain zuzen ere, bere zaletasun nagusietako bat.
Kirolzalea izanik eta, euskara ikasi ondoren, berehala idiazabaldar petoa bihurtu zen. «Hasieran ez zuen bertan gelditu nahi. Bere helburua Iruñeara itzultzea zen. Baina, azkenean, emaztea eta alaba ekarri zituen. Herrian kuadrilla egin zuen eta bigarren alaba bertan jaio zen. Herriko bizitzan parte hartzen zuen. Zainak ondo bota zituen, beraz».
Hala, bere heriotza kolpe oso gogorra izan zen. «Lagun zintzoa zen. Langilea. Pentsatzen zuena esaten zuen. Ez nuke berarekin igarotako une zehatz bat bereiziko: egunerokoan ondoan sentitu dugun pertsona izan da», amaitu du Baztarrikak.