Maldan Behera Inertzia Kirol elkartea sortzeko bidean da Legazpin
Maldan Behera Inertzia Kirol elkartea sortze bidean da Legazpin. Kirol honen xedea inertziaz mugitzen diren ibilgailuak baliatuz aurrez zehaztutako ibilbide bat ahalik eta lasterren burutzea da. Goitibeherak, gravity bike, longboard, street luge edo trike izenez ezagutzen dira kirol honetan erabiltzen diren ibilgailu mota ezberdinak.
Iker eta Aitor Arizti eta Julen Agirreburualde legazpiarrak dira sortzaileak, eta taldera batzen azkena izan da Iker Mugarza oñatiarra. Talde bezala dagoeneko lanean hasita badaude ere, oraindik ez da elkarte gisa egitaratu, «estatutuak osatzen» ari direlako. Inertzia kirol arloan, Gipuzkoako lehenengo taldea izango da Legazpikoa.
Zer da inertzia kirola?
Elkarteko izenak dioen bezala, maldan behera edo goitik behera joatea. Hau da, inertziaz mugitzen den ibilgailu bat erabilita aurrez zehaztutako ibilbide bat ahalik eta denbora gutxienean burutzea. Probek, lasterketa formatua dute.
Ibilgailu mota ezberdinak daude?
Goitibeherak, gravity bike, longboard, street luge edo trike-ak, batzuk aipatzearren. Ibilgailu bakoitzaren ezaugarrien arabera maila edo kategoria ezberdinetako lasterketak antolatzen dira.
Zeintzuk dira?
Pneumatikak, errodamenduzkoak eta arinak. Pneumatiken mailan pneumatiko gurpilekin egindako ibilgailuak daude, pilotuak bakarrik edo kopilotuak lagunduta parte hartu daiteke. Errodamenduzkoetan betiko goitibeherak sartzen dira, errodamenduzko gurpilak izaten dituzte, eta gorputza egurrezkoa edo metalezkoa izan daiteke. Arinetan mota ezberdinetakoak daude: gravity bike, asfaltoko skeletona, street luge, longboard, patinak…
Julen Agirreburualde taldeko kideari egindako elkarrizketa osorik irakurgai bihar, Goierriko Hitzan. Informazio gehiago maldanbehera.blogspot.com-en.