Bigarren Kirola Elkarrekin Eguna egingo dute datorren igandean
Kirola Elkarrekin Eguna egingo dute bigarrenez datorren igandean Legazpin. Goierri garaiko adimen urritasuna duten pertsonen aisialdi taldeak, Txolartek, igeri elkarteak, Izadi Zaleak mendi taldeak eta adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkarteak, Atzegik antolatutako ekimena da. Inma Hernandez Txolarteko kideak esan duenez, ekimenak helburu bikoitza dauka: «batetik kirola elkarrekin egitea; bestetik, urritasuna duten pertsonak beraien gizarte inguruan parte hartzea ahalbideratzea».
Kirola elkarrekin egitea izango da igandeko jardunaldiaren muina izango da kirola. «Euskal Herriko bost elkarteetako kirolariek hartuko dute parte bertan». Gipuzkoatik Atzegik, Konportak eta Legazpiko igerilari taldeak eta Bizkaitik Gorabide eta Geu Beu elkarteek. Guztira, «190 bat kirolari inguru elkartuko gara, eta beste 70 bat pertsona antolatzaileen eta boluntarioen artean». Gipuzkoako Konporta elkartetik, «Richard Oribe igerilari paralinpiarraren parte hartzea espero dugu».
Egun osorako egitaraua prestatu dute iganderako. Goizeko 9:30ean talde guztien arteko topaketa egingo dute Bikuña kiroldegian. Ondoren, 10:00etan kirol jardunaldien hasiera izango da, «bakoitzak gustukoen duena aukeratuko du». Kiroldegian bertan igeriketa eta areto futbol txapelketak egingo dituzte. Izadi zaleak elkartearen gidaritzapean, berriz, bi mendi ibilaldi egiteko aukera egongo da: «motza, zortzi kilometrokoa eta luzea, 10 kilometrokoa. Biak Lakiolako Kimu Berri aterpean elkartuko dira, eta bertan salda eta txorizoa hartzeko aukera izango dute mendizaleek». Eguerdian bazkaritara bilduko dira guztiak, 14:00ak inguruan gizarte zentroan. Bazkalostean kirol jardunaldietan parte hartu duten guztiei oroigarri bana emango zaie eta musikaz lagunduta, dantzaldi batekin emango diote amaiera egunari.
Jardunaldiak irekiak dira eta horregatik nahi duten guztiei egin diete bertan parte hartzeko deia. Hori horrela, mendiko taldeekin ibilaldia egin nahi duten legazpiarrei 9:30ean kiroldegian agertzeko gonbitea luzatu diete.