Dena prest egun hauetan egingo duen elurrari aurre egiteko
Elurragatik gaurko eta biharko iragarritako alerta laranja dela eta Legazpiko Udalak elurteetarako protokoloa jarri du martxan. Elur kotak 200-400 metrora arte egin dezake behera, eta ondorioz, 0-5 cm bitartean zuritu. Era berean, abisu horia ere bada, izotz txikiak utziko dituen muturreko tenperatura baxuengatik. Alerta dei hauek bihar arte iraungo dute.
Elurteari aurre egiteko udalak hartu dituen neurriak orain bi astekoak bezalakoak dira. Alegia, gatz kamioi bat, bi hondeamakina eta udal brigadako 18 langile arituko dira lanean. Horiei laguntzeko, suhiltzaileen elurra kentzeko makina bat eta landa eremuko elurra kentzeko beste lau makina ere izango dira. Azken horiek herriko lau baserritarrek gidatzen dituzte, udalarekin egindako hitzarmen ari esker, elurra den bakoitzean laguntza eskaintzeko. Guztien artean herriguneko zein mendi inguruko guneak garbituko dituzte, hala behar izanez gero.