![Azoka](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/03/Azoka.gif)
Igande honetan bukatuko da Segurako Iparra-Hegoa ekimena. Aurtengo edizioa elikadura subiranotasunaren ingurukoa da. Hori dela eta, etziko azokari garrantzia berezia eman diote. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 30 ekoizle inguru elkartuko dira Segurako plazan.
Xabier Albizu antolatzaileak sekula baino azoka handiagoa antolatu dutela esan du. «Lehenengoz prestatu dugu merkatua era honetara. Orain arte zortzi bat postu egoten ziren eta aurten askoz ere gehiago egongo dira. Datozen urteetako merkatuak aurtengoaren modukoak izango dira», aurreratu du.
Euskal Herriko lurralde guztietako ekoizleek parte hartuko dute. Gazta, txerrikiak, ahatekiak, kontserbak, barazkiak, fruituak, ardoa, txakolina, sagardoa, ogia, marmelada eta eztia jarriko dira salgai, besteak beste.
Saltzaileen artean Ageda Zeberio eta Eugenio Elortza segurarrak izango dira. Bikote honek eztia ekoizten du, baina herriko gazta eta babarrunak ere salduko dituzte.
Albizu «oso gustura» ageri da aurtengo Iparra-Hegoak orain arte eman duenarekin. Otsailaren 22an Pantzo Hirigaraik eta Kike Amonarrizek Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanari buruzko hitzaldi umoretsua eman zuten. Azken bi asteetan, berriz, elikadura subiranotasunaren inguruko bost hitzaldi egin dira kultur etxean.
Antolatzaileak bost jardunaldi hauek oso aberasgarriak izan direla aipatu du. «Aditu guztiek jarrera pertsonalak garrantzia handia duela aipatu dute. Esnatzen garenetik oheratzen garen arte, ederki asko dakigu jaten ari garen hori zer den eta nondik heldu den. Bestalde, herrietako kontsumo taldeak oso garrantzitsuak direla eta mundu osoan transgenikoekin arazo handiak ditugula ere esan dute».
Antolatzaileek ez dute erabaki oraindik datorren urteko Iparra-Hegoaren gaia zein izango den. Gaurtik igandera bitarteko ekitaldiez gozatu behar dute lehenago. Gaur Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballes bertsolariekin eta Kuxkuxtu txarangarekin bertso poteoa egingo da.
Gainera, Iparraldeko Udaleku aisialdi taldeko haurrak Segurara etorriko dira. Goierri ezagutuko dute Laiotz eskolako haurren eskutik. Bi egun emango dituzte bertan. Bihar, xiba jokoak egingo dituzte, ikuskizuna eskainiko dute, txokolatea jango dute eta buruhandiekin jolastuko dute.