![pnga_erakutsi](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/03/pnga_erakutsi13.gif)
Gaur eguerdian aurkeztu dute Besaingo Igartza multzo monumentaleko web orrialde berria:
igartza.net. Zortzi zerbitzu ezberdin eskaintzen ditu: kultur ekintzak, kongresuak eta bilerak, bisita gidatuak, gastronomia, Donejakue ostatua, hotelak eta jatetxeak, ezkontzak eta hileta zibilak. Kultur Ondarea atalaren barruan ere, beste zortzi atal daude: Galtzada, jauregia, ermita, dolarea, presa, errota, burdinola eta folklorea. Horrez gain, gunearen historia eta kokapenaren inguruko informazioa ere ematen da.
Web orrialde hau egiteko, Udalak zazpi enpresa aukeratu zituen: bost Beasaingo, Ordiziako bat eta Eibarko bat. Politikari eta arlo ezberdinetako teknikariez osatutako mahai bat eratu zen aukeraketarako eta web orrialdearen ardura Bikoa Garapenak enpresa beasaindarrari ematea erabaki zuten. Bikoako Itxaro Mendizabalek azadu duenez, “zerbitzuei garrantzia” eman zaiela azaldu du eta “albiste eta agenda atalek webgunea bizirik” mantenduko dutela gaineratu du. Orrialdeari lotuta, Twitter eta Facebook kontuak ere ireki dituzte, eta hauen bidez ere Igartzan egingo diren ekintzen berri ematen joango dira.
Web orrialdeaz gain, Igartza multzo monumentalaren inguruan 10 panel informatibo berri jarri dituzte. Lau hitzkuntzetan daude azalpenak hauetan eta QR kodeak ere badituzte batuzk, smartphone bidez Igartza garai batean nolakoa zen irudikatzen laguntzen duten infografia eta bideo batzuek momentuan ikusi ahal izateko. Infografia hauek web orrialdean ere badaude ikusgai.