"Loreak errepidean" film luzea grabatzen hasiko da Jose Mari Goenaga ordiziarra
Loreak errepidean izango da Jose Mari Goenagak (Ordizia, 1976) Jon Garaño donostiarrarekin grabatuko duen bigarren film luzea. 2010eko maiatzean estreinatu zuten 80 egunean, eta, geroztik, ehun jaialdi baino gehiagotan erakutsi dute.
Apirilaren 8an hasiko dira lan berriaren eszenak grabatzen eta sei bat aste beharko dituztela aurreikusi dute; hala ere, ez dute estreinaldirako datarik jarri. “Beste batzuetan epe bat zehaztu izan dugu, baina kasu honetan nahiago dugu lasai hartu”, argitu du Garañok. Hala ere, urte amaierarako estreinatzeko moduan izatea espero dute zuzendariek.
Lanari, behin-behinean, Loreak errepidean izena eman diote, baina, grabaketak aurrera joan ahala alda daitekeela diote zuzendariek. «80 egunean grabatzen ari ginenean Axun eta Maite izena zuen, orain ere gauza bera gerta daiteke”, esan du Garañok.”
Edonola ere, filmak memoriaren inguruko “gogoeta” bat jasoko du. Heriotza batetik abiatuta, haren emaztea gertaturikoa ahazten eta aurrera egiten ahaleginduko da. Kontrako jarrera izango du hildakoaren amak: semea gogoan izan nahiko du denbora guztian. “Ahanzturaren eta memoriaren arteko tira-bira bat dago”, azaldu du Goenagak. Itziar Ituño aktoreak hartuko du alargunaren rola eta Itziar Aizpuruk amarena. Hirugarren protagonista Nagore Aranburu aktorea izango da. Amaren rolerako aktorea aukeratzeko ez zuten hautaprobarik egin zuzendariek, baina bai gainontzekoetarako. Garañoren arabera “aktore asko etorri ziren eta duda asko eduki genituen aukeratzerakoan”.