
Gorka gizon arrakastatsua da. Helenarekin maitemindu da erabat, emakume adimentsu, atsegin eta sentsuala baita. Gainera, emakume dibertigarria da eta behar baino 30 bat kilo gehiago ditu. Charly eta Sara lagunak zirika hasi zaizkio Gorkari eta esandakoek eragin itzela dute berarengan arrakasta irudia ematearekin duen obsesioagatik. Helenarekin duen harremanetik alde egitera behartuta, Gorkak itxurari buruz dituen kontzeptuei egin beharko die aurre.
Ostiral honetan, hilak 15, gaueko 22.15ean eskainiko du Txalo Produkzioak
Pottola lana Ordiziako Herri Antzokian. Errealitatea islatzen duen komedia krudela eta dibertigarria da
Pottola. Antzerki Garaia egitasmoaren baitan aurkeztuko den hirugarren muntaia izango da, Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek antolatuta. Sarrerak Barrena Kultur Etxean egongo dira salgai.
Pottola Neil LaButeren komedia bat da; arrakasta handia izan du munduan zehar kritikari zein ikusleen artean. Antzerkigilea komedia mingots eta drama gogorraren artean mugitzen da, baina, zine munduan ere egin du tartea.
Ordizian eskainiko duten antzezlana 2004ean aurkeztu zuten Txaloren eskutik. Aktore lanetan Lur Korta, Aitor Fernandino, Joseba Usabiaga edo Egoitz Sanchez, eta Ainhoa Garai arituko dira.
Gaur egungo gizartean irudiaren gainean ditugun aurreiritzien bueltan ibiliko dira protagonistak. Txalo Produkzioaken hitzetan “komedia garartza da, dramatikoa, are gehiago, krudela ere bada eta ironiaz dihardu kontu hauetaz”. “Nerabe mukizuen” moduan jokatzen duten helduak dira protagonistak, baina “itxurak alde batera utzita benetan maite dugunaren alde egiteak duen garrantzia” azpimarratuko dute.