Elurra, ferian ezohiko ikuskizuna
Oraindik neguan garela ohartarazteko balio izan zuen atzoko feriak. Ez zuten alferrik zuhurtasunez jokatzeko esaten landare saltzaileek joan zen asteko eguraldi ederra ikusita. Bost gradutik ez zen igo tenperatura eta ia atertu ere egin gabe bota zuen elurra goiz guztian. Eguraldi aproposa gazta berria probatuz mahaiaren bueltan elkartzeko. Ardi gazta berriaren sasoia hasi da. Egin eta bi hilabetez utzi behar izaten da ontzen salgai jarri aurretik, eta gehienak Gabonetarako hasiak zirenez, ia lehen egindakoak saltzeko prest dituzte. Prezioari dagokionez 17,5 euro inguruan hasi dira, nahiz eta merkeagoa (16,5) eta garestiagoa (18,5) ere aurki daitekeen. Gazta kopuru handia mogitzen du Ordiziak urteko ferietan, eta ardi esnez egina izan ohi da salduena. Udan Urbasa, Aralar eta Urbiako larretan ibilitako ardien esnearekin egina izan ohi da, batez ere, eta saltzaile bakoitzak ditu bere gustuko hornitzaileak.
Barazkiei erreparatuz, lehen tipulin buruak salmahai batean baino gehiagotan ikusi ditugu, euroan 4ko sorta salgai. Gero eta errezil sagar gutxiago dago, eta dagoen apurra, horitzen eta zimurtzen hasia; batzuek gustuko dute hori, ordea; «oraintxe daude goxoenak» entzun dugu azokako bezeroen artean.
Antzar arrautza dotoreak
Aparteko kontuen artean antzar arrautzak aipatu behar; Mutiloako Atibergo Jexux Marik zituen. Saltzeko asmorik gabe, «geuretzat lagun artean kapritxoz otordu goxo bat egiteko, horrelako batekin besteen lau adina baduzu». Bide batez, postu edergaitu bihurtzen dira, arreta pizten baitio pasatzen den bezero orori.
Eta arreta ez ezik jakin mina ere sortzen du Goierri Telebistakoek prestatu ohi duten grabaketa txokoak. Plazara sartzean, sukaldea jarri eta hantxe aritu da Xabier Martinez sukaldaria Jon eta Gorka Izagirre txirrindulariak lagun hartu eta orburuak almeja eta ganbekin prestatzen. Azoka 500 saioko (iaz azokaren 500. urte hurrena zela eta) laugarren atala da, eta datorren asteartean ikusgai izango da, 22:00tan.
- Azokako prezioak