Ortzi Akizu: «Euskal Herrian ere badago modu jasangarrian bizi den jendea»
Ortzi Akizuk (Ezkio-Itsaso, 1983) Diseinu Industrial Jasangarria ikasi zuen Italian eta marrazketa eskolak ematen ditu Gasteizko Ingeniaritza fakultatean. Ingurumenarekin eta garapen jasangarriarekin zerikusia duten bi lanetan ere aritu da: Tecnalian ibilgailu elektrikoa Euskal Herrian zabaltzeko lan egin zuen eta Felix Iñurrategi-Baltistan fundazioarentzat energia berriztagarrien integrazioa aztertu zuen. Kutxa Ekogunearen Ekobidaia lehiaketa irabazi du eta irabazitako diruarekin hiru bidaia egin behar ditu munduan zehar. Australian eta Zeelanda Berrian egon zen eta atzo Irlandara joan zen.
Zer egin behar duzu bigarren bidaia honetan?
Europako hiru irlatako hiru ekintza jasangarri aztertu behar ditut. Hasieran toki gehiagotara joateko asmoa nuen, baina Australiara eta Zeelanda berrira egindako lehen bidaian ekintza jasangarri bakoitzari merezi duen denbora ematea komeni dela ikusi nuen.
Zeintzuk dira aztertu behar dituzun ekintza jasangarriak?
Lehen bidaian bezala, energiarekin, landa garapenarekin eta ohitura jasangarriekin zerikusia duten ekimenak ezagutuko ditut. Lehenengo Irlandara joango naiz, gero Ingalaterrara eta azkenik Islandiara.
Zer egin behar duzu toki horietako bakoitzean?
Irlandan eta Ingalaterran aste jasangarri bana igaroko dut eta Islandian bi. Irlandan Transition Towns mugimendua ezagutuko dut. Kinsale herrira joango naiz. Bertan, herritarrek eredu energetiko jasangarria aplikatu dute.
Ingalaterran zer egingo duzu?
Practical Action izeneko enpresara joango naiz. Mundu osora teknologia egokiak zabaltzen dituen Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) bat da. Teknologia egokiak gutxi garatutako herrietan garatu daitezkeenak dira. Eguzki plaka moderno bat eraman beharrean, eguzki labe bat egiten erakustea, adibidez. Enpresa honek egitasmo asko ditu Afrikan, Hego Amerikan eta Asian.
Azkenik, Islandiara joango zara.
Han, energia geotermikoaren foroan parte hartuko dut. Puntako proposamenak eta gobernuen eta enpresen ikuspuntua ezagutzeko aukera izango dut. Gainera, ekoherri batean biziko naiz. 40ko hamarkadan sortu zuten eta, ordutik, eurek ekoizten dituzte jakiak eta energia. Autogestioa da nagusi bertan.
Bukatzeko, Estatu Batuetara joango zara.
Uztailak 15 aldera joango naiz. Hilabete bateko bidaia egingo dut. Hasteko, Oregon estatuko hiriburura joango naiz: Portland-era. Izan ere, bertan Post Carbon City eredua sortu zen. Ekimen honen helburu nagusia karbono isurtzeak murriztea da. Hori lortzeko, bizimodua aldatu behar da: energia gutxiago kontsumitu, garraio publikoa bultzatu… Portland-etik Kaliforniara joango naiz. Herri pare bat ezagutu ondoren, Rocky Mountain institutua bisitatzeko asmoa dut.
Zein da bidaia hauen helburua?
Euskal Herrian aplikatu daitezkeen esperientziak ezagutzea. Izan ere, Kutxak ekoparke bat ireki behar du 2016. urtean Miramonen. Beste helburuetako bat informazio guztia gizarteratzea da. Horretarako, ekobidaiaria.wordpress.com blogean esperientzia guztien berri ematen dut.
Nola ikusten duzu Euskal Herria?
Hemen ere ekimen asko jarri dira martxan. Askotan ez diegu merezi duten garrantzia ematen. Dena den, egia da bi errealitate ditugula: batetik ekintza jasangarriak ditugu eta, bestetik, industria oso indartsua eta kontsumo maila altua. Dena den, badago kontzientzia eta baita era xume eta jasangarrian bizi den jendea ere.