Giro bikaina Iparra-Hegoako ostegunean
Atzo bi festaz gozatzeko aukera izan zen Seguran: Iparra-Hegoako ostegunez egin ohi den bertso-kantu-poteo eta afariaz eta Korrikaz. Korrikaren aldeko patata tortila lehiaketaren ostean hasi zen bertso-kantu-poteoa Kuxkuxtu txarangak girotuta. Iparraldeko jendetza etorri zen atzoko festa egunera. Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballes bertsolari gonbidatuez gain, sorpresa ederra eman zuten Xumai Murua eta Eneritz Zabaleta bertsolariek Aizkoeta tabernan kantuan hasi zirenean.
Poteo luze baten ostean, 11:00ak aldera hasi zen afaria plazako karpapean. Kanpoan oso hotz bazegoen ere, barruan zeuden ia 250 lagunek bapo afaldu zuten. Eta kantu eta bertso pare bat abestu zituztenean iritsi zen Korrika Segurara, Mendarte aldetik sartuz. Jendetzak korrika egin zuen lekukoaren atzetik, furgonetatik jasotzen zituzten animoen laguntzan.
Hauspoa nahikoa berotu zutenean, atzera karpapera itzuli ziren korrikan aritutakoak, azken bertsoez eta kantu-doinuez gozatzera. Handik aurrera Elorripen jarraitu zuen festak, bakoitzak nahi eta ahal zuen arte. Gaur, bihar eta etzi gehiagoz gozatzeko aukera izango da.