Olazagutiako errauste plantaren aurka manifestazioa egingo dute bihar
Olaztiko (Nafarroa) errauste plantaren aurka manifestazioa egingo dute bihar Altsasun, eta goierritarrei ere bertara joateko deia egin diete errauste plantaren aurkako plataformatik. “Errauste planta Nafarroan egon arren, martxan jartzen denean eragina Sakanan, Arabako Lautadan eta Goierrin ere izango du, eta hiru guneetako udalak egitasmoaren aurka agertu badira ere, Nafarroako Gobernuak erabakia udalez gaindikoa dela erabaki du eta zaborrak erretzeko baimena eman dio enpresari”.
Hiru Mugak Batera plataformako kideek eta Olaztiko errauste plantaren aurkako eragileek azaldu dutenez, Goierri beheko ia herri guztietara iritsiko da “zaborra erretzearen ondorioz sortzen den kutsadura, osasunean arazo larriak sortuz”. Horregatik egin dute bihar Altsasun izango den manifestaziora joateko deia. Netto-tik hasiko da manifestazioa, 18:00etan.