
Mezu argi eta sinplea helarazi diete Ordizia Zero Zaborrekoek herriko bizilagunei: “Hondakinekin daukagun arazoa elkarrekin konpondu behar dugu”. Pentsamolde eta herri ikuskera ezberdineko berrehun bat lagun elkartu dira gaur goizean Ordiziako plazan. Errauste plantaren aire kutsatuak uxatzea irudikatzen duten errota koloretsuak eskutan, “birziklapenaren aldeko apustua” egin dute. Agurtzane Sarasolak prentsaurrean gogorarazi duenez “hondakin gehiegi sortzen dugu Ordizian eta munduan”. Horregatik, arazoari irtenbidea hondakin gutxiago sortuz eman behar zaiola azaldu du.
“Seguru gaude denon edo gehienon konpromisoa dela birziklatzea. Etikoa, ekologikoa, justua eta naturala delako”, esan du Sarasolak. Beraz, orain arte egindakoa “ez dela nahikoa” azalduta, “ahalegintxo” bat eskatu die Ordiziako bizilagunei.
Era horretan, ez Usurbilen, ez Ordizia eta ez inon ez dela errauste plantarik eraiki beharko gogorarazi du. “Ikerketa zientifiko ugarik diote, errauste plantak pertsonen osasunerako oso kaltegarriak direla; inork ez ditu bere etxe ondoan nahi”, azaldu du.
Gauzak horrela, belaunaldi berriak “inguruak eta ingurumenak zainduz” hezteko deia egin eta atez atekoari “aukera bat” emateko eskatu du Zer Zaborreko ordezkariak.