
Iparra Hegoa Aste Kulturalaren baitan, azoka berezia egin dute gaur goizean Seguran. Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik gerturatu diren dozenaka ekoizlek euren jaki goxo eta preziatuak erakutsi dituzte jendaurrean. Salmentarako ere goiz ona izan dela azaldu dute euretako batzuk.
Ahatekiak eta beste hainbat motatako kontserbak, ogi eta gozoak, barazkiak, fruituak eta gaztak ere daztatu eta erosteko aukera izan da. Goiza aurrera joan ahala jende andana elkartu da plazako karpan.
Arratsaldean ere jarraituko du festak Seguran. 17.00etan Urruña, Lekeitio eta Segurako gazteen arteko herri kirolak egingo dituzte eta iluntzeko 19.00etan taloak eta arabar Errioxako ardoak daztatu ahal izango dira. Kuxkuxtu txaranga lapurtarra arduratuko da jaiari musika jartzeaz. Gaueko 23.00etan Lapurdiko Iñazki taldearen emanaldiarekin goizaldera arte luzateko den gauari hasiera emango diote.
Era berean, bihar, aste kulturalari festa giroan emango diote amaiera. Goizean zehar animaziorik ez da faltako Segurako kaleetan; Mutiko Alaiak txaranga, Baigorriko gaiteroak, Euskal Herria kantuz koruak, trikitilariak, Kuxkuxtu txaranga zein albokariak ibiliko dira giroa alaitzen. Eguerdiko 14.00etan Gereziondoko ekitaldia egingo dute, Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura irudikatuz. Aurtengo gonbidatu berezia, Panpi Sainte Marie laboraria izango da. Ondoren herri-bazkaria egingo da plazan eta prestatze lanetan aritu direnen artean sukaldaritza lehiaketako sariak emango dituzte.