Azken bi saioetatik bi talde igaro dira Martxoan Bertsoko finalera
Martxoan Bertsoa bertso lehiaketa herrikoiaren aurtengo finala zein hiru taldek jokatuko duten asteburuan ebatzi da. Lau kanporaketako azken bi saioak ostiralean Urretxuko Foxen eta larunbatean Legazpiko gaztetxean jokatu ziren. Hamabi talde partaideen puntuak erkatu ondoren, Kontuz Atsuak, Maneksen Banda eta Tzitzarito sailkatu dira azken saiora.
Amaia Iturriotz, Maialen Akizu eta Itziar Pildainek osatutako Kontuz Atsuak geratu da sailkapen buru, 193,65 punturekin. Alde handia atera diete Maneksen Bandari (185), Manex Mantxolak, Antton Fernandezek eta Gaizka Oiartzabal Pitillo-k osatua. Baita hirugarren izan den Tzitzaritori (184,25) ere, Mikel Iturriotz, Jon Mendizabal eta Jon Gurrutxagak osatua.
Maneksen Bandakoek ostiralean kantatu zuten, Foxen. Gabirisprint3 debutariak (Aitzol Iturbe, Iban Maiz eta Eñaut Asurabarrena) 3,25 puntura utzi zuten, finalean sartzeko ateetan; Atzeko Kaleko Mutilak taldeak (Asier Sasieta, Xabier Elgarresta eta Gorka Santesteban) 180,25 bildu zituen.
Larunbatean, Tzitzaritok lehiaketa osoko hirugarren puntuazio altuena erdietsi zuen, Legazpin. Urola Garaiko Selekzioak (Beñat Torres, Julen Agirreburulalde eta Manex Agirrezabal) 181 puntu batu zituen, eta Trasteroko Morroiek (Ojanguren, Zaldua eta Jaka) 177,5 puntu.
Finala ostiralean jokatuko da, Urretxuko Gaztelekuan, 23:00etatik aurrera. Bezperan ere bertsoak izango dira Urretxun eta Zumarragan, 18. Korrika igaroko baita. Bertso-kalejira egingo dute, osteguneko pintxo-potea alaitzeko. Bertso eskolako kideak eta musikariak ibiliko dira.
Sailkapena
Martxoan Bertsoa 2013
1. Kontuz, Atsuak 193,65
2. Maneksen Banda 185
3. Tzitzarito 184,25
4. Gabirisprint3 181,75
5. Urola Garaiko Selekzioa 181
6. Bi eta Bat 180,7
7. Atzeko Kaleko Mutilak 180,25
8. Gabirisprint2 178,5
9. Gabirisprint1 177,7
10. Trasteroko Morroiak 177,5
11. Potato Barria 177
12. Udanako Kurbak 167,75