Ezkio-Itsaso, inaugurazioz inaugurazio
Aurten, zorioneko krisia dela eta, ez da inaugurazio uzta oparoa izango. Ezkio-Itsason, ordea, bi egingo dituzte denbora gutxian. Haur eskola ireki berri dute eta apirilaren 14an Amabirjinaren aterpe berria inauguratuko da. Biak ala biak Santa Lutzi auzoan daude.
Ezkio-Itsasoko haurtzaindegia autobide azpiko biribilgunetik gertu egin diren etxeetako lokal batean dago. Hamar lagunentzako bi gela ditu eta, oraingoz, bakarra dago zabalik. Bigarrena irailean irekitzea espero da.
Inaugurazio ekitaldia igande eguerdian izan zen. Maite Larrañaga Haurreskolak partzuergoko kudeatzaileak, Garikoitz Aiesta alkateak eta Tomas Etxaniz alkate ohiak parte hartu zuten. Herritar asko elkartu ziren. Haurrek dantza egin zuten eta ondoren luntxa egin zen.
Larrañagak lokalaren ezaugarrien berri eman zien bildutakoei eta Etxanizek zinta moztu zuen. Izan ere, bera alkate zenean eman zituen Udalak haurtzaindegi berria egiteko lehen pausoak.
Aiestak herriko lehen haurtzaindegia 2004an ireki zuela gogoratu zuen. Itsasoko ostatuko sotoan, hain zuzen ere. Ondoren, Santa Lutzi auzoan modulu aurrefabrikatuak ireki ziren. 2008an handitze lanak egin ziren eta orain, beharrak bultzatuta, lokal berria ireki da.
Hurrengo helburua udaletxe zaharrean ikastetxea irekitzea da. Ezkio-Itsasoko Udala gurasoekin eta Hezkuntza sailarekin hitz egiten ari da. Izan ere, gurasoek euren seme-alabak herriko eskolara bidaliko dituztela hitz ematea behar du.
Alkateak gurasoei eskerrak eman zizkien. «Eurak dira mundura haurrak ekartzen dituztenak eta, beraz, herriaren etorkizuna ziurtatzen dutenak. Gainera, pazientzia izan dute. Izan ere, haur eskolaren irekiera atzeratu egin da». Haurreskolak partzuergoari eta Etxanizi ere eskerrak eman zizkien.
Aiesta gustura ageri da. «Herriko haur gehienak haur eskola honetara etortzen dira. Ormaiztegi eta Gabiriatik ere etortzen dira gutxi batzuk, aitona-amonak hemen bizi direlako edo gurasoek inguru honetan lan egiten dutelako», aipatu du.
Gainera, azken urteotan haur asko jaio dira Ezkio-Itsason. «Normalean urtean lauzpabost haur jaiotzen dira herrian, baina iaz 10 jaio ziren. Herrian ikasteko aukera eman nahi diegu. Ikastetxea ireki nahi dugu, baina horretarako gurasoen konpromisoa behar dugu».
Igandekoa ez da aurten Ezkio-Itsason egingo den inaugurazio ekitaldi bakarra, apirilaren 14an amabirjinaren aterpe berria irekiko baita. Ekitaldia 15:30ean hasiko da.
Aterpe zaharra AHTren trenbidearen beste aldean gelditu denez, apur bat beherago berria egitea erabaki da. Udaletxetik gertuago dago eta, zaharrak ez bezala, eskailerak ditu.
Kalbarioa mantendu egingo dute. Gainera, oinez eta kotxez iristeko bide berri bat ere egiten ari dira. Bide hasieran, udaletxe zaharraren atzeko aldean, aparkalekuak egingo dituzte eta aterpe ondoan beste bi jarriko dituzte. Estalpea lekuz aldatzeko lanen gastu guztiak Euskal Trenbide Sareak ordainduko ditu.