Goierriko ikasleen nazioarteko trukeak
Goierri Eskolak 11 urte daramatza nazioarteko truke programaren bidez ikasleen artean nazioarteko trukeak sustatzen. Lehenengo lankidetzak Herbereetako zentroekin egin zituzten. Aurten, berriz, urrutirago joan dira ikasle goierritarrak: Esloveniako Ljubljna hiriburuko Gimnaziija Vic zentroan izan dira Goierri Eskolako batxilergoko 20 ikasle.
Joseba Ramos, Goierri Eskolako nazioarteko harremanen arduradunak azaldu duenez, nazioarteko truke programaren helburua ikasleak trebatzea da, «nazioarteko esperientzien bitartez, eta beste lan errealitate batzuk ezagutu ditzatela; izan ere, enpresen iritziz truke horiek oso positiboak dira etorkizunean lan munduan sartzeko». Programa desberdinekin, urtero 60 bat ikasle inguru joaten dira atzerrira, «eta asmoa da gehiengoak atzerrira irteteteko aukera izatea», gaineratu du Ramosek. Ikasleen nazioarteko trukeek izaera teknikoa eta kulturala dute.
Orain gainera proiektu desberdinak sustatzen ari dira, ikasleek unitate didaktikoak ikas ditzaten Alemaniako, Herbereetako, Finlandiako edo Suediko ikasleekin batera.
Ingelesaren garrantzia
Lan errealitate desberdinak ikastearekin batera, ingelesa ikasteko ere balio izaten dute nazioarteko trukeek. «Azken urteetan, ikasgai tekniko eta zeharkako ikasgai gehiago sartu dira, ingelesez, zikloetan zein batxilergoan». Baina «garrantzitsuena enpresek eskatzen dituzten jarrera horiek praktikan jartzea da; beraz, horretarako modurik onena ikasleak atzerrira eramatea da». Aurten, adibidez, Irlandan ingelesa ikasteko bi ikaslek beka bana jasoko dute. Horrekin batera, urtero, 16 ikaslek hiru hilabetez enpresa praktikak egiten dituzte atzerriko herrialdeetan: Ingalaterran, Irlandan, Alemanian, Lituanian, Eslovenian eta Txekiar Errepublikan.
Atzerritik Goierrira etortzen diren ikasleek Goierri Eskolako ikasleen etxeetan hartzen dute ostatu. Ramosek esan duenez, «era horretan, familiak ere tartean sartzen ditugu».