Minbizia eta elikadura ohiturak
Minbiziaren Aurkako Elkarteak urtarrilean Zumarragan egoitza ireki zuenetik, barrura zein kanpora begirako ekintzak segidan antolatzen ari dira. Kolon minbiziaren prebentzioari heldu zion Osakidetzak 2009an, eta elkartea, bide beretik, prebentzio lana indartzen ari da. Zumarragan egin berri duten hitzaldian minbizi mota honen eta elikadura ohituren arteko lotura estua dela erakutsi dute. Antton Otaegi Ezkio-Itsasoko kontsultategiko lehenengo arretako medikua da. Berak, hitzen eta grafikoen bitartez minbizi mota honen berri eman, eta Casino elkartean bildutakoen galderei erantzun zien. Basque Culinary Center-eko Antonio Sanchez sukaldariak, bien bitartean, elkarteko sukaldean hiru plater prestatu zituen. «Elikadura osasuntsua eta zaporeen gozoa bateratu daitezkeela ikus dezazuen», esan zuen.













