Segurako San Joan Bataiatzailea erakusketa batera eramango dute
Las edades del hombre fundazio entzutetsuak San Joan Bataiatzailearen irudia eskatu dio Segurako parrokiari Arevalon (Avila, Espainia) antolatzen ari den erakusketarako. San Joan maiatzean eramango dute Gaztelako herri honetara eta azaroaren 3an itzuliko da etxera.
Jose Luis Agirretxe Segurako parrokoak irudia erakusketa garrantzitsu horretara eramatea «ohorea» dela esan du. Gainera, zaharberritu egingo dute. Erretaula XVIII. mendearen erdialdean egin zen eta, ordutik, imajina ez da bere tokitik mugitu. Fundazioak hautsa kendu, zartadak konpondu eta pipiak jandako zatiak garbituko ditu. Figura ia lau metrora dago eta, beraz, oso zaila da garbitzea.
Las edades del hombre fundazioaren helburua Gaztela-Leongo arte sakroa ezagutzera ematea da, baina beste toki batzuetako pieza garrantzitsuak ere erakusten dituzte. Ez da harritzekoa Segurako erretaulako bat aukeratu izana. Izan ere, erretaula hau Luis Salvador Carmona artista handiak egin zuen. Gainera, Carmona gaztelarra zen. Valladolidekoa, hain zuzen ere.
Gizon hau bere mendeko eskultore garrantzitsuenetakoa izan zen eta Espainiako erregearentzat lan egin zuen. Bere lanak Salamancako katedral berrian ikus daitezke, besteak beste. Baita Bergarako Santa Marina parrokian ere. Iaz, fundaziokoak bertako irudi bat eramaten saiatu ziren; baina ezin izan zuten: josita zegoen. Segurakoa askatzea, ordea, errazagoa da.
Parrokoak ez daki zergatik hautatu duten San Joanen irudia eta ez beste edozein. Dena den, bat eramatekotan, hau eramateak badu bere logika: izan ere, San Joan Bataiatzailea da Segurako zaindaria.
Dena den, parrokia guztiak merezi du. Katedral itxura du eta euskal gotikoaren eredutzat hartu daiteke. Aipatzekoa da obrako arduradunetako bat Juan de Lizarazu urretxuarra izan zela.
San Joan Bataiatzailearen irudia duen erretaulari dagokionez, XVIII. mendean egin zen. Barroko eta errokoko estiloetakoa da eta Monumentu Historiko Artistikoa izendatu zuten.
Jasokundeko Amari eskainia dago. Honek hamabi apostoluak inguruan ditu. Martin Lardizabal eta Elortza segurarraren eskuzabaltasunari esker egin zen. Gizon hau Madrileko alkate izan zen, besteak beste.
Erretaulako eskultura multzoak 42 irudi ditu. Carmonak egin zituen guztiak, 1743 eta 1747 artean. Espainiara eramango duten San Joan Bataiatzaileak 195 zentimetroko altuera du eta 110eko zabalera. Aseguru konpainiak 40.000 euroko balioa eman dio.
Lehenengoz irtengo da Segurako parrokiatik eta estreineko bidaiarako ez du toki txarra hautatu. Izan ere, Las edades del hombre munduko arte sakro erakusketa garrantzitsuenetakoa da. 1988an egin zen lehenengoz eta, ordutik, urtero antolatu da. Gaztelako hiri eta herri garrantzitsuenetan ez ezik, Belgikako Anberesen eta Amerikako Estatu Batuetako New Yorken egin da erakusketa hau.
Goierritarrek ez dute horren urruti joateko premiarik San Joan Bataiatzailearen irudia ikusteko: Seguran egongo da maiatza bitartean eta azaroan etxera itzuliko da betiko.
Hala, Aste Santua garai ona izan daiteke erakusketa garrantzitsu horretara eramango duten irudia eta, bidez batez, Segurako parrokiako gainontzeko altxorrak ezagutzeko. Izan ere, tenplua berotzeko dauden zailtasunak direla eta, itxita egoten da eta mezak mojen elizan ematen dira.
Aste Santuko elizkizunak, ordea, parrokian egiten dira, noski. Ostegun Santuan, 17:00etan, azken afaria ospatuko da eta ondoren prozesioa egingo da. Ostiral Santuan, 16:30ean, Jaunaren heriotzaren elizkizuna egingo da eta ondoren prozesioa. Gainera, apirilaren 1tik 5era Aste Santuko pausoak ikusgai izango dira 12:00etatik 13:00etara.
Dena den, Ardixarra turismo bulegoan ere bisita gidatuak eskaintzen dituzte.