Hetel elkarteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogei lanbide eskola biltzen ditu. Horien artean Urola Garaiko Lanbide Eskola dago (Ugle), Zumarragan egoitza duena. Hetelek, Hobetuzekin eta Lanbiderekin elkarlanean enplegua bultzatzeko kanpaina martxan jarri berri du. Prestakuntza programa honen ezaugarri nagusia espezializazioa da. Carlos Gurdaspar da kanpainaren arduraduna Uglen, honako adibidearekin azaldu du: «Ostalaritza zikloa egin ordez, orain gozogintza bakarrik ikasi ahalko dute, eta ikasketa agiria jasoko dute amaitzen dutenean».
Korrika 18k bigarren bisita egingo du Goierrira bihar. Pasa den astean Goierri behea zeharkatu eta Euskal Herrian barrena ibili eta gero, Goierri garaira iritsiko da bihar ordu txikitan. Urretxun, Zumarragan eta Legazpin barrena ibiliko da «17 kilometroko zeharkaldian», Aitor Arando Goierri garaiko Korrikako arduradunak esan duenez. Hemendik Deba goienera joko du Korrikak Udanako bidetik Oñatirantz.
Otsailean Tolosako Ekozimenaldian estreinatu zen Bazen behin uharte bat dokumentala proiektatuko dute bihar, osteguna, Ordiziako Herri Antzokian. Saioa 20:30ean izango da. Jatorrizko hizkuntzan (inglesez) emango dute filma, baina euskarazko azpitituluekin. Pazifikoko hego ekialdean dagoen Takuu uhartearen errealitate gordina du hizpide filmak. Klima aldaketaren ondorio suntzitzaileak jasaten ari dira uharte horretako herritarrak.
Gipuzkoako Trialsin Txapelketako laugarren proba jokatu dute Urretxun, Santa Barbaran. Munduko trialsin-eko onenak izan dira bertan, baita kirol honetan lehenengo pausoak ematen hasita dauden gazteak ere. Proba Urretxuko Goierri Txirrindulari Eskolak antolatu du, eskualdean kirol hau ezagutzera eman eta bertakoen artean zaletasuna sustatzeko.