Badator udaberria Goierrira
Badator udaberria Goierrira. Atzo heldu zela diote, baina eskualdera Segurako lore eta landare azokarekin batera heltzen da eta hau asteburu honetan egingo da. Larunbat eta iganderako antolatu dira ekitaldiak.
Udaberria bizi pozaren eta alaitasunaren urtaroa denez, aurtengo edizioa dantza emanaldi batekin hasiko da. Azpilla dantza taldeak eskainiko du, larunbatean 12:30ean, plazan.
16:30ean, zuhaitz landaketa eta ibai inguruko ekologiari buruzko ibilaldi gidatua egingo dira. Parte hartzaileak Segurako plazan elkartuko dira.
Ekitaldiari izena ematen dion azoka igandean egingo da, goiz eta arratsaldez. 10:00etan irekiko da. Bertan, lore, landare, hazi, barazki-landare eta lorezaintzako tresneria salduko eta erakutsiko da. Artisauen lanak eta jakiak erosteko aukera ere egongo da.
Gainera, herriko trikitilariek eta Kriseilu txistulari taldekoek herriko kaleetan joko dute, 10:30etik 14:00era Josu Osak txertoei buruzko azalpenak emango ditu eta haurrek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute Juan Karlos Esainen eskutik.
Bazkaldu ondoren, 16:30ean, saltzaileak euren postuetara itzuliko dira. Haurrek eskulanak egingo dituzte, erabilitako gaiekin, eta trikitilariek herriko kaleetan joko dute.
Azokan goierritar askok parte hartuko dute. Jose Mari Setien segurarrak, Nerea Soraluze zumarragarrak, Haritz Urretabizkaia aramarrak eta Iñaki Azalza zaldibiarrak loreak eta landareak salduko dituzte.
Ataungo Sandra Madutxa eta Segurako Itxaso Sodupe eta Keko Maioz artisauek ere parte hartuko dute. Gainera, Zeraingo Aldabe kooperatibak, Segurako Goiburuk, Eugenio Elortzak eta talogileek eta Beasaingo Julkik jakiak salduko dituzte.
Hauetako askok urtero parte hartzen dute Segurako lore eta landare azokan. Nerea Soraluze zumarragarrak, adibidez. Gustuko feria duela dio. «Giro oso polita egoten da eta ondo saltzen da», aipatu du. Segurako azokak xarma berezia duela ere esan du. «Herri txikia da eta kale guztiak lorez betetzen dira».
Egutegiaren arabera, dagoeneko heldu da udaberria. Baina neguko eguraldia dugu oraindik. Hori dela eta, salmentak aurreko urteetakoak baino okerragoak izango diren beldur da. «Feria hau goiz samar antolatzen da eta aurten, eguraldia dela eta, sekula baino goizago heldu da. Negua luze doa eta jendea oraindik ez da lore kontuan pentsatzen hasi».
Loreek, eta beraz Soraluzek eta gainontzeko saltzaileek, eguzkiak apur bat gehiago berotzea behar dute. Guztiok hotza eta euria uxatzeko irrikatan bagaude, loreak eta lore saltzaileak zer esanik ez. «Guretzat udaberria da urtarorik oparoena. Garai honetan irabazten dugu urteko soldataren zatirik handiena».
Hotzak bezeroak uxatzen ditu, baina krisiak oraindik ez ditu atzera bota. «Jendeari asko gustatzen zaio lore kontua. Amerikako Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera, krisi garaian jendeak lore asko erosten du itxura ona emateko».
Hala, aurtengo salmentak ere onak izatea espero du. «Aurten ere jendeak loreak erosiko ditu. Hori bai, beharbada merkeen bila joko dute. Begoniak eta petuniak erosiko dituzte, geranioen ordez».
Zumarragako lore saltzaileak apirilaren 14an Urretxun egingo den lore eta landare azokan ere parte hartuko du. Gainera, asteartero Bergarako ferian egoten da, ostegunero Urretxukoan eta larunbatero Zumarragakoan. «Lehen astearteetan Ormaiztegira joaten nintzen eta ostiraletan Antzuolara, baina hirugarren umea izan nuenean joateari utzi nion».
Segurara, ordea, ez dio joateari utziko. Azoka hau udalaren ekimenez antolatzen da eta herritar askok parte hartzen dute antolaketan. Duela 12 urte jarri zen martxan eta, berehala, asko hazi zen. Lehen sei urteetan plazan egin zen eta ondoren inguruko kaleetara eta eliza ondoko pilotalekura zabaldu zen. Gainera, hasieran goizez bakarrik egiten zen eta egun baita arratsaldez ere.
Ekimenaren helburua herria girotzea da, baina herritarren artean lore zaletasuna zabaltzeko ere balio izan du. Feria antolatzen hasi zenetik, segurarrek lore gehiago erosten dituzte eta euren etxeetako balkoi eta leihoak gehiago apaintzen dituzte. Horrez gain, Sanjoanetan etxe inguru eta balkoi dotoreenei sariak ematen zaizkie.