Bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak, 100 bat garajetan lapurreta egitea egotzita
Beasaingo eta Ordiziako 100 bat garaje eta trastelekutan ustez lapurreta egin duten bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak egunotan. Lokal horietan gauez eta indarrez sartzen ziren, eta batez ere bizikletak lapurtzen zituzten. Mota horretako 117 salaketa jaso dituzte azkenaldian Ertzaintzak eta Ordiziako Udaltzaingoak.
Aurreneko atxilotua, astelehen goizaldean atzeman zuen Ertzaintzak. Guardia lanak egiten ari zen patruila batek, bizikletan zihoan eta mugimendu susmagarriak egin zituen gazte bat ikusi zuen, Ordiziako Garagartza plaza inguruan. Geldiarazi eta identifikatzeko eskatu ziotenean, giltza ingeles bat eta destornilladore bat zeramatzan soinean, eta zerabilen bizikleta, lapurtutakoa zela jabetu ziren. Atzo atxilotu zuten bigarren gaztea, 26 urtekoa. Biak ere, Tolosako epaitegiaren esku utzi dituzte gaur.