Emaneurrek lau eguneko egitarau betearekin egingo du III. Asteburu Kulturala
Ordiziako Emaneurre Realaren lagunarteak lau eguneko egitarau bete-betea antolatu du III. Asteburu Kulturalaren barruan. Askotariko ekitaldiak prestatu dituzte, adin eta izaera ezberdineko jendeari zuzenduak, beti ere kirolzaletasuna eta euskal kultura sustatzea helburu hartuta. Emaneurrek urtean zehar antolatzen dituen beste ekimen batzuen osagarri da asteburu kulturala –udaberri-uda partean esku-pilota txapelketa herrikoia antolatzen dute, eta Euskal Jaietan herri kirol saio parte hartzaileak–.
Iaz bezalaxe, aurtengo lehen ekitaldia Garagardo dastaketa izango da. D’elikatuzen izango da, 19:00etan, baina joan den asteazkenaz geroztik agortuta daude dastaketan parte hartzeko txartelak. «Berrogeita hamar lagun ingururentzako tokia dago, eta badakigu jende asko kanpoan geratu dela», azaldu du Gorka Argaiz Emaneurreko kideak.
Jabier Aldea gasteiztarrak zuzenduko du dastatzea. Municheko Garagardo unibertsitatean lizentziatua da Aldea, Naparbeer-eko arduraduna eta Gasteizko Kitsh garagardotegiaren jabea. Merkatuan aurkitu ezin daitezkeen hamar garagardo aztertu eta dastatzeko aukera izango da. Horrez gain, taldeko kide Jon Mendizabalek egin eta hartzitutako Emaneurre garagardoa dastatzeko aukera ere izango da.
Madariaga, Etxarri eta Regil
Etzi, berriz, lehen urtetik bere tokia aurkitu duen kirolari buruzko mahai-ingurua egingo da Barrenako areto nagusian. Aurtengo gaia Kirola bulegotik da, eta lan hori ondo baino hobeto ezagutzen duten hiru lagun ariko dira hizlari lanetan: Migel Madariaga (Euskadi Fundazioa), Mikel Etxarri (Euskal Selekzioko hautatzailea) eta Santos Regil (Ordizia Rugby Elkarteko zuzendari teknikoa). Moderatzaile lanetan Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko esataria ariko da, lazkaotarra bera.
Aurtengo asteburu kulturalaren berritasun nagusia larunbateko Harri-orri-har (Piedra, papel, tijera) nazioarteko jolas herrikoiaren txapelketa izango da. Txapelketa 18:00etan hasiko da, eta egun berean 17:30etik aurrera eman daiteke izena, edo aurrez emaneurre.com gunean. «Txapelketaren helburua haur, gazte, neska, mutil eta helduen artean harremana sortzea da, eta baita euskaraz jolas egitea ere», nabarmendu du Urko Ruiz de Apodaka taldeko kideak.
Hainbat jolasgune jarriko dituzte, eta finala Plaza Nagusian jarriko duten ring-ean jokatuko da. Lehen hirurek Goierriko Hitza-ren harpidetza bana jasoko dute saritzat, eta egunkariaren goxoki eta puxikak ere banatuko dituzte antolatzaileek.
Mikel Aranbururi omenaldia
Txapelketaren ondoren Mikel Aranburu Realeko kapitainari omenaldi xume bat egingo diote. Emaneurre lagunartearen sorrera egunean, 2009ko urriaren 1ean, Ordizian izan zen Aranburu, Mikel Labaka herrikide eta futbolariarekin batera. Ondoren, poteoa eta bertso afaria izango dute.
Bukatzeko, Realeko jokalari ohi eta Beasaingo jokalari Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrak Futbolisto baten memoriak bakarrizketa egingo du igandean D’elikatuzen. Txartelak salgai daude oraindik 5 euroan.
EGITARAUA
- Bihar. Garagardo dastaketa, 19:00etan, D’elikatuzen.
- Etzi. Kirola bulegotik izeneko mahai-ingurua, 19:30ean, Barrenako areto nagusia.
- Larunbata, hilak 23. Harri-orri-har txapelketa Plaza Nagusian, 17:30ean hasita. Ondoren, Mikel Aranburu Realeko kapitain ohiari omenaldia. 21:00etan Bertso-afaria Tximista sagardotegian, Gema Urteaga eta Joanes Etxaiderekin.
- Igandea, hilak 24. Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolisto baten memoriak bakarrizketa D’elikatuzen, 19:30ean.