Goierriri dagokionean, Beasainen eta Legazpin lizentzia bana ziren ematekoak
Berria.info- Hogeita sei urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irrati lizentziarik banatu gabe pasatu eta gero, Eusko Jaurlaritzak lehiaketa bat abiatu zuen iaz —34 lizentzietatik euskarazko emisioen erreserba egin zuten 11 lehiakiderentzat—. Lehiaketaren prozesuan hainbat irregulartasun izan direla jakin du BERRIAk; bilera agirietan ageri dira teknikariek salatutako gertaerak.
Urrian, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako egun gutxi falta zirela, lehiaketako behin-behineko erabakia hartu zuen PSEren gobernuak. Behin-behinean onartutako irratiei idatziz jakinarazi zieten ebazpena. Hauek izan ziren euskarazko erreserbetan onartutakoak: zortzi lizentzia Hamaika Telebistak eta Info7k elkarrekin aurkeztutako euskarazko proiektuentzat izan ziren —Donostian, Bilbon, Gasteizen, Azpeitian (Gipuzkoa), Legazpin (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Durangaldean (Bizkaia) eta Gernika-Lumon (Bizkaia)—. Gasteizen, beste bi erreserba zeuden euskarazko irratientzat, eta Araba Irratia eta Zadorra Irratiarentzat eman zizkieten, behin-behinean. Bilbon, euskarazko beste erreserba SERen irrati formulako proiektu batek jaso zuen —Bilbo Hiria irratiari ez zioten lizentziarik eman—. Donostian, Antxeta irratiarentzat zen euskarazko bigarrena. Eta Getxon (Bizkaia), Justuri Irratiarentzat zen euskarazko lizentzia.
Baina Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak behin betiko erabakia hartzea falta zen. Eta erabaki hori ez zen iritsi. Abenduko aurreneko astean, EAJk hauteskundeak irabazi baina oraindik Iñigo Urkullu lehendakari izendatu gabe zegoela, lizentziak eman gabe utziko zituela iragarri zuen jarduneko gobernu sozialistak. Urrian egindako ebazpena baliorik gabe gelditu zen ondorioz. Jaurlaritzak erabakia bertan behera utzi zuenez, aipatutako irratiek ez dute inolako ziurtasunik hurrengo lehiaketan lizentzia bat lortzeko. Ikusteko dago orain Eusko Jaurlaritzak lehiaketa hasieratik hasiko duen edo balorazioaren lehen partea aintzat hartuko duen.
Bestalde, lehiaketako balorazio mahaiaren bilera agirietan teknikariek salatutako irregulartasunek zeresana eman dezakete prozesu berriari begira. Hauek dira iazko prozesuan izan ziren irregulartasunak:
Mahaiaren balorazioa, enpresaren esku
Hau irakur daiteke 2012ko abuztuaren 1ean Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko bilera gelan lehiaketako balorazio mahaiak egindako bileraren agirian: «Iker Garcia de Eulate hedabideen teknikariak mahaiari adierazi dio zuzendaritzak egindako balorazioaren informazioa jaso duela lehiakideen balorazioa egiteko kontratatutako enpresak [Aggaros]. Ondorioz, gertaera horrek prozedura baliogabetu egiten du. Teknikariak uste du egokiena prozedura hasierara itzultzea litzatekeela, baliagobetze hori konpontzeko». Enpresak informazio pribilegiatua jaso zuela baieztatu zuen Miriam Etxabe teknikariak. Eta, gertaeraren berri eman ostean, bi teknikariak bilera hartatik altxatu, eta joan egin ziren.
Igor Marin Eusko Jaurlaritzako Gizarte Hedabideen zuzendariak azaldu zuen bere saila irratiek aurkeztutako dokumentazioa aztertzen ari zela eta, bestetik, Jaurlaritzak kontratatu zuen Aggaros enpresa gauza bera egiten ari zela. «Bi parteek beren kabuz lan egin dute. Kontratatutako enpresak, une batean, Gizarte Hedabideen Zuzendaritzak egindako balorazioaren informazioa eskatu zuen. Eta Igor Marinek berak eman zion enpresari informazio hori, puntuaketen batuketa egin zezaten», jaso dute bilera agirian.
Irailaren 25ean, Garcia de Eulate eta Etxabe teknikariek idatzi bat aurkeztu zuten balorazio mahaian. Irregulartasunak izan arren, mahaiko arduradunek prozesuan aurrera jarraitzea erabaki zuten: «Aggaros enpresak Gizarte Hedabideen Zuzendaritzak egindako azterketa teknikoaren emaitza jakin izanari erreferentzia eginez, teknikarien idatziak ez du beste gertaerarik azaltzen. Ez da diskriminaziorik ageri Kontrol Ekonomikoko Bulegoak emandako txostenean. Horrenbestez, balorazio mahaiak esleipen prozedurarekin jarraitzea erabaki du». Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak hau idatzi zuen teknikariek salatutakoaren inguruan: «Ez dago diskriminaziorik edo balorazioaren irregulartasunik enpresak beste balorazio batzuk ezagutzeagatik. Hor ez dago lege-hausterik». Balorazio mahaiko buruarentzat, dena legezkoa eta jarraitzeko arazorik ez. Teknikarien arabera, enpresak zuzendaritzaren balorazioa jakiteak desitxuratu egin zuen prozesua.
Dokumentuak desagertzea
Garcia de Eulatek bere laneko mahaitik dokumentazioa desagertu zela salatu zuen, eta horren berri eman zuen bileretan. Balorazio mahaiak, berriz, ez zion garrantzirik eman bilera agirietan: «Garcia de Eulatek dokumentazioa lapurtu diotela esandakoaren inguruan, argitu da dokumentazio hori ez dela lehiakideek aurkeztutako proiektuen ingurukoa eta ez dela lehiaketaren txostenekoa. Teknikariak berak landutako txostenen zirriborroak dira paper horiek. Horrenbestez, balorazio mahaiak erabaki du gertaera horrek ezin duela eraginik izan prozeduran».
Azpi irizpideen gaineko elkarrizketa pribatuak
Garcia de Eulatek eta Etxabek beste gertaera bat azaldu zuten irailaren 25ean. Mahaiko zuzendariaren eta teknikarien artean bilera bat izan zuten, azpi irizpideen aldaketaz eztabaidatzeko. Mahaiak bilera agirian, berriz, hau dio: «Teknikarien eta Gizarte Hedabideen zuzendariaren arteko bilera baten inguruan, mahaiari iruditzen zaio ez duela horretaz iritzirik eman behar, elkarrizketa pribatuak direlako. Mahaiak, gainera, ez du partekatzen teknikariek aipatutako azpi irizpide horien inguruan egiten duten balorazioa».
Pluralismoa
Ekainean, Arrosa sareko kideek Eusko Legebiltzarrean eskatu zuten lehiaketa bertan behera uzteko «komunikazioaren hirugarren sektoreko irratientzako baldintza egokietan sarbidea bermatzeko». Alor teknikorako baldintzetan eta bermeetan, Madrilgo irratiei lotutakoek abantailak zituzten lehiaketan.
Bilboko 95.1 frekuentzian, lehiatik kanpo utzi zituzten Euskomedia (Onda Vasca) eta Oye Radio. Bilera agirietan agertzen denez, bi lehiakideak talde berekoak izanik frekuentzia bererako aurkeztu izana da lehiaketatik kanpo uzteko arrazoia. Euskomediak helegite bat aurkeztu zuen, eta salatu zuen lehiaketan kalte egin ziotela; urriko behin-behineko erabakiaren arabera, Gasteizen lizentzia bat baino ez zuen lortu Onda Vascak —32 frekuentziatan aurkeztu zen—. Bilboko 95.1 frekuentzian lehiaketatik kanpo utzi izana salatzeko helegitea aurkeztu zuen Euskomediak. «Bi hilabete pasatu ziren proiektuak aurkeztu zirenetik lehiatik kanpo utzi zituztela iragarri arte. Bi hilabete horietan, administrazioak uko egin zion interesdunari hamar eguneko derrigorrezko araudia ezartzeari eta prozedurazko baldintzak betetzeari. Hala, zeharka, urratu egin zituen legearen 79., 80., 81. eta 84. artikuluak».
Kultura Saileko teknikariek pluralismoari buruzko eranskin bat prestatu zuten. Aggaros enpresak, pluralismoaren irizpidearen arabera, hamar edo hogei puntu eman zizkien hainbat irratiri. Teknikarien arabera, batzuek ez zituzten puntu horiek jaso behar; adibidez, Onda Cerok eta Vocentoko Radio Correok.
Agiriak ez ematea
Bizkaia Irratia Durangoko frekuentziara aurkeztu zen, eta, behin-behinean, lizentziarik gabe utzi zuen Jaurlaritzak. Helegitea aurkeztu zuen Bizkaia Irratiak, eta agiri teknikoak eta proiektuak lizentzia ez lortzearen arrazoiak eskatu zituen. Bizkaia Irratiari ez zioten eman eskatutako dokumentazioaren zati bat, eta, horregatik, «babesik eza» salatu zuen. Javier Onaindia irratiko zuzendariak, idatziz, balorazio mahaiari helarazi zion prozesuan «oker larriak» sumatu zituela.
Uko agiria
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak lehiaketa bertan behera utziko zuela iragartzeko memorian hainbat ohartarazpen egin ditu. Batetik, azaldu du Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra aldatu dela, zerbitzu publiko autonomikoen kudeaketa malgutzeko; bestetik, Espainiako ministro kontseiluak zenbait erabaki hartu dituela, eta komunikazio taldeen bat egiteak erraztu; Mediasetek eta Prisa TVk eta Antena3ek eta La Sextak bat egin dute, adibidez. «Horrek eragina du irrati lehiaketaren oinarrietan bilatzen duen pluraltasunean», dio agiriak. Merkatuan izandako aldaketei ere egiten dio erreferentzia: Copek ABC Punto Radioren frekuentziak alokatu ditu. «Horrek eragina izango luke lehiaketaren balorazio prozesuan». Lehiaketako azken ebazpenak «datozen hamabost urteetarako irrati mapa definituko du», gaineratu du Jaurlaritzak agirian. Arrazoi horiengatik guztiengatik, Jaurlaritzako jarduneko gobernuak azaldu zuen uko egin behar izan ziola azken erabakia hartzeari.