Gazte bat jipoitu izana salatu dute Lazkaoko eta Ataungo udalek
Lazkaoko eta Ataungo udalek adierazpen instituzional bateratua argitaratu dute, martxoaren 10ean bi herrien arteko oinezko bidean gertatu zen eraso bat gaitzesteko. Duela hamar egun, larunbatetik iganderako gauean gertatu zen erasoa. Ataundik Lazkaora oinez zihoan lazkaotar bat jipoitu egin zuten hiru ezezagunek. Lazkaoko gaztea oinez zihoan, bakarrik, Ataunen afari bat izan ondoren. Gurutzatu zuen auto bat geratu, hiru gizonezko atera, eta jo egin zuten, «inolako arrazoi jakinik gabe», udalek esan dutenez.
Zauri larriak eragin zizkioten jipoiarekin Lazkaoko mutilari. Aurpegiko hainbat hezur eta hortz hautsi zizkioten, besteak beste. Gertaeraren harira ez da inolako atxiloketarik izan.
Lazkaoko eta Ataungo udalek erasoa salatu dute. «Eraso hau salatzeaz gainera, garbi jarri nahi dugu antzeko bortxazko adierazpenek ez dutela lekurik gure jendartean. Ez ditugu onartuko eta gure herritarrek kalean askatasunean ibiltzeko eskubidea babestuko dugu», azaldu dute.
Halako erasoak salatzeko eskatu diete herritarrei ere; «bortxazko adierazpen oro desagertzea gure esku dago».
«Inongo arrazoi jakinik gabe eraso latz hau jasan behar izan duen pertsonari gure elkartasuna adierazten diogu», bukatzen da bi erakundeen oharra.