Jubilatuta bai, erretiratuta ez
Lazkaoko Maizpide euskaltegiak jubilatuentzat euskara ikasteko programa berezia sortu du. Hiru asteko barnetegi egonaldian, eskolez gain irteerak dituzte. Lehen taldeak osatu du abierako saioa.
Euskaltegiko gainontzeko ikasleen artean «inbidia» sorrarazten duen talde bat dago, hiru asteotan, Lazkaoko Maizpiden. Hirurogei urteko bueltako ikasleak dira, jubilatuak gehienak, hamahiru-bat laguneko taldea. Euskaltegiak abiarazi duen Euskarara heldu programa pilotuan parte hartzen ari dira.
Helburua euskara ikastea dute haiek ere, «batez ere euskaraz komunikatzeko gaitasuna hobetzea». Baina titulu bila joatearen, edo azterketak gainditu beharraren presiorik ez dute. Ikastearen plazer hutsak mugitzen ditu. Programa ere berezia ipini diete.
«Uztailean Donostian izan zen esperientzia bat, Helduen hitza. Hango battzuk etorri ziren hona, gustura ibili zirela, eta guretzat ere aukera polita izan zitekeela ikusi genuen bereziki helduentzat antolatutako ikastaro bat prestatzea», esan du Maizpideren zuzendari Jon Urdangarinek.
Barnetegi egoeran izango dira, ikastaroak dirauen bitartean, Euskarara heldu programako ikasleak. Batzuek Maizpiden bertan lo egiten dute, baina beste batzuek familia euskaldunekin, etxeetan. Ikasketa-programazio berezia dute, eta Goierriko kultur eskaintza ezagutuko dute: museoak eta interpretazio zentroak bisitatu, Goimenen egitarauan dauden baserrietara bisitak (abarkak, ogia… egitera), edo enpresak (Ampo, Ezarri, Orkli…) ikustera.
Aurrez euskara mailatxo bat izatea eskatzen diete, hutsetik hasitakoak ez izatea. «Ulertzeko gaitasuna behintzat, nahiz gero komunikatzeko gai ez izan». Hala, multzoko guztiak lehendik Maizpiden izanak dira. «Gaztetan aukerarik ez zutelako izan, osasunez ondo daudelako, eta denbora badutelako etorri dira heldu hauek».
Astean bitan irtenaldi bat egingo dute, eta ikusiko dutena ondo ulertzeko, eskolan lantzeko jarduera batzuk egitea da programazioaren funtsa.
Ahaleginaren eginez
Talde pilotua da, ez da Maizpideko ohiko perfila. «Normalean hona titulu baten edo azterketa baten atzetik etortzen da; hauen kasua justu kontrakoa da. Presarik gabe euskara hobetu eta egin, eta horren bidez Goierriko lekuak bisitatu. Beste modu bat da», dio Dani Oiarbide maisuak.
«Nahi dugu hobetu zerbait, ez dakit zer aterako den. Guretzat biziki ona da», dio Lapurdiko Ramuntxok. Itsaso herriaren ondokoa da, «eta han ez dut aukera handirik euskaraz hitz egiteko. Hemen bai».
Taldean bost nafar ere badira. «Ni Iruñekoa naiz, eta han egunero joaten naiz euskaltegira. Maizpidera bosgarren aldiz etorri naiz. Hona etortzeak asko hobetzen du nire euskara. Maiatzean ere etorriko naiz», dio gizon batek.
Beste emakume nafar baten helburua «bilobekin euskaraz hitz egitea» zen, eta lortu du. «Orain dena euskaraz egiten dut, eta semeekin ere bai. Duela bost urte hutsetik hasi nintzen. Gogorra izan da, oso gogorra; baina hemen gaude. Euskaraz hitz egiteko orain aukera badaukat», dio.
Urretxuar bat ere badago taldean. «Orain sei urte egon nintzen Maizpiden, urte osoa. Herrian hitz egin dezaket, baina, hala ere, hona etortzea beste zerbait da. Oso ongi pasatzen ari gara».
Hiru aste daramate, bihar bukatuko zaie egonaldia. «Oporrak» ere badirela aitortu dute, barre artean. «Etxean baino lan gutxiago egiten dugu, eta gainera astean hiru edo lau ekintza egin ditugu».
«Egun osoa euskaraz» bizi dela baloratu du hernaniar batek. «Hau santutegi bat da. Hemen ez dago beste hizkuntzarik erabiltzerik, eta txip hori sartzen zaigu hona etorritakoan», gaineratu du beste ikaskide batek, ondotik.
Nafarrak, lapurtarrak, gipuzkoarrak… daude taldean. «Nire emaztea, Denise, zihikatuko dut hona etortzeko. Berekin etorriko naiz hurrena», aurreratu du Ramuntxo lapurtarrak.