Hondakinak atez ate biltzen hasi dira Goierriko hiru herritan
Legorreta, Itsasondo eta Zaldibia izan dira Goierri eskualdean hondakinak atez ate biltzen hasi diren lehen hiru herriak. Atzo kendu zituzten azken edukiontziak, eta atzo bertan hasi ziren atez ateko bilketa sistemarekin. Zaldibian aldaketa egiteko unean bertan izan ziren Joxan Etxabe alkatea, Azeari Andonegi Sasieta Mankomunikateteko lehendakaria eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua. Bi astetan banatu dituzte hiru herrietan edukiontzi indibidualak, eta kuboak uzteko tokiak nahiz landa eremuko bilketa guneak ere prestatu dituzte.
Zaldibian eta Legorretan asteko egutegi baten arabera eta edukiontzi indibidualetan jasoko dute zaborra orain, eta Itsasondon, aurretik zegoen sistema mixtoarekin jarraituko dute, baina kubo indibidualetan jasotzen zuten errefusaz gain, atzotik gai organikoa, papera eta ontziak ere modu indibidualean jasoko dituzte, asteko egutegi baten arabera.
Sasieta Mankomunitatetik emandako datuen arabera, batez beste hiru herrietako familien %90ek jaso dituzte hondakinak sailkatzeko edukiontzi indibidualak. Zaldibia izan da orain arte ontzi gehien banatu duen herria –%90 inguru–, Legorretan ontzien %87 banatu dute eta Itsasondon ontzien %83. Enrike Enparantza Sasietako teknikariak azaldu duenez, ohiko datuak dira horiek, «jaso ez dituztenak asteburuetan etortzen direnak familiak edo etxe hutsak direlako. Kontuan hartu behar da errolda erreala eta teorikoa ez direla berdina, eta beraz, normala da banaketa %100era ez iristea».
Banaketa, gainera, «arazorik gabe» egin dute, nahiz eta «desobedientzia zibilerako» deia egina zuten atez ateko bilketaren aurkako taldeek. «Askok sinatu dute hondakinak biltzeko sistema berriaren aurka, baina halabeharrez hartu behar izan dituzte edukiontziak hiru herrietan, eta ez da arazorik izan».
Hiru herrietan 39 bilera egin dituzte guztira herritarrekin, baina edukiontziak jasotzeko ordua iritsi denean, «oraindik ere bakarren bat edukiontziak zertarako ziren jakin gabe etorri da kuboak jasotzera», esan du Enparantzak.
Kexarik gehien Itsasondon entzun behar izan dute Sasietako teknikariek; izan ere, orain arte zuten bilketa sitema mixtoa emaitza onak ematean ari zen herritar talde handi batentzat, eta berriro aldaketa egiteko arrazoiak ez dituzte ondo hartu.
Hiru herrietan edukiontziak, poltsa konpostagarriak eta hondakinak ondo bereizteko gida banatu ditu Sasietak. Baserri eta landa eremuko bizilagunentzat, berriz, bilketa gune komunitarioa erabiltzeko txartel elektronikoak. Banaketa «arrakastatsua» izan dela zehaztu dute mankomunitatetik, eta «herritarren inplikazioa eta erakutsi duten ardura benetan txalotzekoa» izan dela zehaztu du Azeari Andonegi Sasietako lehendakariak.
Zer, nora eta noiz, sakelakoan begiratuta
Birziklapen datuak gora egitea da hondakinen bilketan helburu nagusia, hondakinak biltzeko sistema edozein dela ere. Hala, Bilketa taldeko kideek sakelakorako Gaika aplikazioa sortu dute, hondakin mota bakoitza zein edukiontzitara bota jaktieko eta birziklapena sustatzeko. Martxoaren 5etik dago eskuragarri aplikazioa Android sistema duten sakelakoetaako, eta atez ate zein bost edukiontzien bidezko bilketa kontuan hartuta, hondakin bakoitza nola sailkatu zehazten du. Ios sistemarako ere garatzen ari dira aplikazioa, baina oraindik ezin da eskuratu.
Aplikazioa deskargatu eta herria aukeratzea da lehen pausoa. Oraingoz, Astigarraga, Hernani, Oiartzun, eta Usurbil daude aukeran, eta aste honetan bertan Legorreta, Itsasondo, Zaldibia eta Antzuola gehituko dituzte zerrendara. Apirilean Lezo sartuko dute, eta poliki-poliki joango dira osatzen Gipuzkoako herrien zerrenda –Ormaiztegi, Legazpi, Segura… sartuko dituzte, adibidez, datozen hilabeteetan–. Epe motzean Nafarroako Bortzirietako herriak sartuko dituzte, eta etorkizunean Euskal Herri osoko herriak.
Hizkuntza ere aukeratu daiteke; Bea Lasagabaster Bilketa taldeko kideak azaldu duenez, «euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez dago erabilgarri aplikazioa, eta frantsesezko bertsioa ere bidean da». Azken hau sortzen ari dira, baina ez dute zehaztu noiz egongo den erabilgarri.
Herria aukeratuta, herri horretan dagoen hondakin bilketa zehaztuta agertzen da –atez atekoa edo edukiontzi bidezkoa–, eta atez ateko bilketaren kasuan, hondakin mota bakoitza zein egunetan jasoko duten eta zein ordutegitan zehazten da egutegi baten bidez. Gainerakoan, dozenaka produktuz osatutako zerrenda egin dute, «etxeetara banatu dituzten liburuxketatik eta jada atez ateko bilketa martxan den herrietan jasotako informazioarekin». Gai bakoitza zein ontzitara bideratu jakiteko nahikoa da izenaren gainean klikatzea.
«Gauzak errazteko»
Hondakinak biltzeko moduak herri bakoitzera egokitzen ari direla ikusita elkartu ziren Bea Lasagabaster, Josu Igoa eta Mikel Harreguy. «Jendeak ez du oso argi hondakin bakoitza zein edukiontzitara bota behar den, eta zalantza horiek argitzeko asmoarekin hasi ginen aplikazioan lanean», zehaztu du Lasagabasterrek. Denbora librea horretara bideratu dute azken hilabeteetan Bilketako hiru kideek.
Hiru aste dira aplikazioa erabilgarri dagoela, eta hainbat akats identifikatu dituzte denbora honetan. Hala, aplikazioa erabiltzen dutenek ere lagundu dezakete aplikazioa osatzen. Falta diren gaiak proposatzeko eta dauden akatsak jakinarazteko gaikabilketa@gmail.com helbidera idatzi behar da.