Barandiaran Museoko errota egunero martxan jarriko dute, bisitarientzat
Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak aisialdirako ekimenak antolatu ditu, Aste Santurako. Aralarko parke naturaleko bi interpretazio zentroetan izango dira aktibitateak, Lizarrustiko parketxean nahiz Barandiaran Museoan, San Gregorion.
Barandiaran museoan bihar (osteguna) hasiko da egitarau berezia. Apirilaren 7ra arte, egunero errota martxan jarriko dute, 12:30ean. Multzo hidraulikoko zerrategia ere ikusi ahalko da, bisita gidatuan. Bi euro ordaindu beharko da.
Museoan bertan, 11:30ean, taloak egiten ikasteko tailerra izango da. Aldez aurretik izena eman behar da, eta helduek 5 euro eta 12 urtez azpikoek nahiz taldeetakoek 3 euro ordaindu behar dute.
Irteerak eta erakusketa
Lizarrusti parketxean, berriz, Lareora bi ibilaldi gidatu izango dira, martxoaren 30ean eta apirilaren 6an (larunbatak). 10:30ean irtengo dira taldean. Aurrez izena eman behar da. Txangoa 3 euro da helduentzat, 1,50 euro umeek.
Parketxean Xanti Iruretagoienaren Zurak erakusketa zabalduko dute, gaur. Apirilaren 28ra arte dago. Ataunen bizi da egilea.