Iazko etenaldiaren ostean aurten berriz egingo dute Armen Alardea ekainean
Iazko etenaldia eta gero, Armen Alardea berreskuratuko dute aurten Legazpin. Ohi bezala, San Joan bezperan izango da, ekainaren 23an. Udalak bala gabeko 25 eskopeta erosi ditu, eta horrela irtenbidea eman nahi izan dio iaz gisa honetako ekitaldi guztietan ezarritako neurri zorrotzei.
Herritar talde batek sustatuta eta udalaren babesarekin 1994tik urtero egin da Armen Alardea Legazpin. Iaz, armak erabiltzen diren ekitaldi guztietarako neurriak zorroztu zituzten, eta azken orduan bertan behera utzi behar izan zuten ekitaldia. Izan ere, neurri hauek eskopeta eramango duen pertsona oro arma lizentzia edukitzea derrigortzen du eta gainerakoak bala gabeko eskopetak erabiltzea. Legazpin ordea, alardean ateratzen zirenen herenak zuen soilik beharrezko baimena.
Izen ematea apirilaren 15an
Aurtengo alardeari begira udalak bala gabeko eskopetak eskuratzeko konpromisoa hartu zuen iaz, eta hitz emandakoa beteta, mota honetako 25 eskopeta eskuratu ditu. Horiei, Antzuolako alarde batzordeak legazpiarrei utziko dizkien 32 eskopetak, eta arma lizentzia dutenek aterako dituztenak gehitu behar zaizkie. Udaletik adierazi dutenez, helburua alarde txukun bat egitea da, eta datorren urterako eskopeta gehiago eskuratzeko konpromisoa berretsi du.
Alardean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Apirilaren 15ean irekiko da horretarako epea, eta kultur etxean, zein udaletxean egin ahal izango da izen ematea. Jakitera eman dutenez, erabiltzeko dauden bala gabeko eskopeten kopurua mugatua denez, izen emate ordena hartuko da kontutan. Lizentzia duten pertsonek, aldiz, euren agiriak aurkeztu beharko dituzte aipatutako lekuetan. Amaitzeko, aurten eskopetari aritzeko gutxieneko adina 16 urtetan ezarri duela eman du jakitera Legazpiko Udalak.