Jaitsiera neurtua izan arren, behera egiten segitzen du gazta ekoizpenak
«Orain bi urte, 2011n, nahikoa murriztu zen Idiazabal Gaztaren produkzioa, eta iazko kanpainaren joera ere hori izan da, baina jaitsiera ez da horrenbestekoa izan, %3,8koa soilik». Miriam Molina Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko kudeatzailearen esanetan, «jaitsiera neurtua» izan da. 2012ko kanpainan 1.176.383 kilo gazta ekoitzi dituzte sor-markaren barruan dauden 125 gaztandegiek. «Gaztagileek gogor lan egin dute, eta orain bezeroen zain daude. Espero dugu kanpaina honetan gaztaren kalitatea hobetzen jarraitzea. Guk behintzat ilusioz ekingo diogu denboraldi berriari», nabarmendu du Molinak. Ordizian emango diote hasiera ofiziala denboraldiari, Artzain Egunean, eta aparteko azoka horren berri emateko Belen Maiza Ordiziako zinegotzia eta Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapen zuzendaria izan ditu gaur lagun Molinak, Donostian.
Produkzioak behera egin du, baina Idiazabalen barruan dauden gaztandegi kopuruak bere horretan segitzen du. Gaur gaurkoz 125 gaztandegi daude –100 inguru familiarrak, eta gainontzekoak handiagoak–, aurreko urtean bezalaxe. «Jubilazioarengatik bi baja izan genituen, baina beste bi artzain gaztek eman dute alta. Eta aurtengo kanpainari beste hiru gaztagile gazteren alta gehitu behar zaie». Herrialdeka banatuta, Gipuzkoa da gaztandegi gehien dituena, 55. Nafarroan 27 daude, Araban 26 eta Bizkaian 17.
Lizarraldek, bere aldetik, sektorearen alde egiten ari diren lanaz hitz egin du. «Aldundiak 500.000 eurotik gora bideratzen ditu artaldeen osasuna eta zaintza bermatzeko, eta baita larreak mantentzeko ere». Haren esanetan, eta iazko zentsoari erreparatuz, Gipuzkoan 2.577 ardi-instalazio daude, 141.000 ardi-buru. «Horietatik 300 sail handikoak dira, 100 abelburutik gorakoak, eta denen artean 75.400 buru dituzte. Euskadiko Latzaren Elkartekideak direnak 58 dira, 23.000 ardi, eta Artzai Gazta elkartean Gipuzkoako 49 gaztagile daude». Gipuzkoa bruzelosi gaitzetik libre dagoela ere aipatu du Lizarraldek.
Apirilaren 3an, Artzain Eguna
Belen Maizak datorren asteazkenean Ordizian izango den azokara inguratzeko deia egin du, eta berritasun bezala, aharien erakusketa-lehiaketa aipatu du. Aurten, Ana Larrañaga Fiturreko zuzendariak moztuko du gazta berria, eta Nestor Basterretxea eskultorea omenduko dute.