Olaberrian bigarren eskukoen feria eta antzerkia prestatzen ari dira, eskola txikiaren ekimenez
Olaberriko herri eskolako haur, irakasle eta gurasoek pausoa azkartu dute ekainaren 9rako, Gipuzkoako Eskola Txikien festa eguna bi hilabetera inguratu baita. Txirrindu festa eta nesken futbol txapelketa egin ondoren, beste bi ekimen prestatu dituzte.
Hurrengo ekitaldia Olaberria ezagutu izeneko azoka izango da, apirilaren 14an, igandea. Merkatu berezia egingo dute Olaberrian. Batetik, herriko nekazariek baserriko produktuen postuak jarriko dituzte. Bestetik, bigarren eskuko gaien salmenta ere antolatuko dute.
Merkaturako, batetik jendeak doan ematen dituen jostailuak, arropa edo bestelako edozein gai baliatuko dute. Hortik ateratako dirua festa antolatzeko izango da.
Baina jendearentzat saltoki ere izan nahi du, edozer gauzari irtenbidea emateko. Salgaia handia bada argazki bat eraman liteke, baita produktuaren ezaugarriak ere. Salmenta mota horren erdia jabeak jasoko du, eta beste erdia antolakuntzak.
Produktuen salmentaz eskolako gurasoak arduratuko dira. Zerbait doan emateko edo saltzeko interesa duenak apirilaren 9rako jakinarazi behar du (648 85 88 13; festa2013@kuttunolaberria.org).
Antzerkia maiatzaren 4an
Olaberritarrak aktore lanetan ere jardungo dira. Olaberria Lazkaotik banandu zeneko epaiketa antzeztuko dute, maiatzaren 4an, larunbatarekin. Lazkaoko Areria antzokian izango da antzerkia.
«Gure antzezlan bat izatea nahi dugu, Olaberriko herria eta olaberritarrak identifikatuko dituena eta partaide guztiek bere sentitutko dutena. Helburua olaberritarrek parte hartzea da», diote herri eskolakoek.
Antzezlanerako izena emateko gonbita egin diete olaberritarrei (616 41 11 43, 943 88 11 11).