Tokiko euskararen ondarea, sarean bilduta
Tokiko ahozko ondarea bildu, antolatu eta hedatzeko proiektua da Ahotsak. Deba ibarreko Badihardugu elkarteak sustatuta, eta udalaren laguntzarekin, Ordiziako 45 adinekori elkarrizketak –75 urtetik gorakoak gehienak– egin dizkiete azken urteetan elkarte horretako kideek, lekuan lekuko euskara, istorio eta pasarteak jasotzeko. Proiektuan parte hartu duten ordiziarrei eskerrak emateko, ekitaldi xume bat egin zuten atzo D’elikatuz gunean. Hainbat elkarrizketekin osatutako laburpen bideo bat proiektatu ondoren, hiztun bakoitzaren elkarrizketa osoa jasotzen duen DVD bat oparitu zieten. Elkarrizketa horiek Interneten kontsulta daitezke, Ahotsak proiektuaren webgunean. Irudian, ekitaldira inguratu ziren dozena bat elkarrizketatu, Belen Maiza eta Izaskun Zubiturrekin. iñaki Gurrutxaga