Ordiziarren erdiak baino gehiagok zaborrarekiko «nahikoa ardura» dauka
Sasiker taldea osatzen duten sei gaztek unibertsitateko lan baterako egindako ikerketa antropologiko, sozial eta kulturalak Ordiziako herritarrek zaborraren inguruan duten pertzepzioa eta hori kudeatzeko ohiturak kulturalki eraikiak izan diren frogatzea izan du helburu. Ondorio orokor modura, ikerketak baieztatu du ordiziarren %57k zaborraren gaineko «nahikoa ardura» duela, eta 24tik 22k «birziklatzeko ohitura» dutela.
Joan den asteazkenean, martxoaren 27an, egin zuten ikerketaren aurkezpena Ordiziako udaletxean, eta argi utzi nahi izan zuten azterketa horrek ez duela zerikusirik atez ateko hondakin bilketa sustatzeko udala bultzatzen ari den ekimenekin.
Jendearen usteak eta ohiturak
Gai orokor modura zaborra hartuta, ikerketaren helburu nagusia «jendearen usteak eta ohiturak» ulertu ahal izatea ezarri zuten Sasikerrekoek, eta baita hainbat etxetan zaborraren kudeaketa eta proposamen berrien aurrean jendearen jarrera nolakoa zen ikustea ere. Horrez gain, ikerketagileek aurrez espero zuten zerbaitekin egin zuten topo; sexuaren, adinaren eta elkarbizitza ereduaren arabera zaborraren inguruko kontzeptu eta uste ezberdinak dituztela, nahiz eta denek gutxieneko arau batzuk izan.
Ikerketarako metodologiari dagokionez, informazio kualitatiboa biltzeko, sei familiari elkarrizketa sakonak egin dizkiete, eta eragile desberdinen diskurtsoei (alkatea, oposizioa, Sasietako lehendakaria eta ingurumen teknikariak) ere erreparatu diete. Horretaz gain, zaborra eta hondakina bereizteko beharra ere sentitu zuten. Zaborrari ez diote baliorik ematen, eta hondakinak, berriz, lehengai garrantzitsutzat jo dituzte. «Eta hondakina izango da jabeak hala erabaki duelako», esan zuten aurkezpenean.
Inkesten emaitzak
Ikerketaren emaitzetan sartu aurretik, hainbat datu eman zituzten. Sasikerren arabera, EAEn 1.345.000 tona zabor sortu ziren 2010ean, eta Gipuzkoan 287.000 tona 2011n. 2008tik hona zabor kopurua jaitsi egin dela ondorioztatu dute, «bosgarren edukiontziarengatik eta atez atekoaren ezarpenarengatik, ziurrenik».
Ordizian 24 inkesta pasa zituzten guztira Sasikerrekoek. Inkestatuen %57k zaborraren gaineko «nahikoa ardura» azaldu zuten, eta 24tik 22k «birziklatzeko ohitura» badutela. «Horietatik 15ek dena birziklatzen dute, lauk papera, plastikoa, beira eta plastikoa. Gainontzekoek gutxiago».
Erosketak egiterako orduan zabor gutxiago sortzen duten produktuak aukeratzen dituzten edo ez galdetzean, %25ak «kasurik ez» diola egiten erantzun zuen. «Bestetik, zaborraren tratamendua ona zela 24tik 8k esan zuten, baina gehiengoak erakutsi zuen, aldiz, planteamendu berrietara ohitzeko jarrera baikorra, gehienbat gazteen artean». Gaur egun bost edukiontzien eredua dago Ordizian, eta %40 birziklatzen da. «Datu horiek aldatzeko proposamenetako bat atez ateko sistema ezartzea litzateke».
Ondorio orokorren artean, honakoak aipagarrienak: herritarrek zaborra usainarekin lotzen dutela; informazio ezak jarrera ezkorra ahalbidetzen duela; zaborraren kudeaketa emakumeen esku dagoela eremu pribatuan; eta orain arteko kudeaketa eredua aldatzeko beldurra.