Zumarragako Gure Txoko jubilatu egoitzak eta El Salvador gizarte zentroak elkarlanean atondu dute XI. Kultur Asteko egitaraua. Apirilaren 13an abiatuko da, eta astebetez erretiratuek egoitzetan egunerokoan egiten dutena erakutsiko diete zumarragarrei. Jarduerak egoitzetatik aterako dituzte, eta boluntarioen lanari esker egiten dituzten ekintzak ezagutzera emango dituzte. Miguel Angel Cenera Zumarragako jubilatu etxeetako lehendakaria da, «hori da, hain zuzen, Kultur Astearen helburua, herritarrei egiten duguna erakustea». Kultur Astearen bitartez, jubilatuak «bizirik» daudela agertu nahi dute, «txokolate jana soiletik harago joan nahi izan dugu beti».
Eguraldia lagun, giro onean egin dute gaur Ordiziako Artzain Eguneko aparteko azoka. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriari ere hasiera eman diote, gazta berria ebakitzearekin batera. Ana Larrañaga Fitur Nazioarteko Turismo Azokaren zuzendariak izan du aurten gazte ebakitzeko ardura. Marketing mundua ondo baino hobeto ezagutzen duen seinale, slogan moduko esaldia bota du gazta ebaki orduko: «Idiazabal, natura gazta bihurturik».
Urretxuko eta Zumarragako udalek kultur sailetako lehiaketen ataletan murrizketak egin dituzte. Bat baino gehiago dira bi udalek elkarrekin antolatzen dituzten lehiaketak, eta guztietan aldaketak egin dituzte. Aipagarriena da aspaldian deitutako argazki lehiaketa bertan behera geratu dela. Argazki lehiaketa eteteko kultur sailetik emandako arrazoia argazki rally bat baino gehiago dagoela da; Argazkia taldeak eta Ostadarrek antolatzen dituztenak kasu.