Liztorrek ez dute erleen festa zapuztu
Eguraldi ona lagun, jende asko bildu da Zegaman Erlezain Egunaz gozatzeko asmoz. Asiako liztorra sekulako kaltea eragiten ari da erlauntzetan, baina erleak ondo babestuta daudela ikusita, ez da festa zapuzten ausartu.
Goizean, txistulariek kalejira egin dute. Gainera, artisauen eta gozogileen azoka, kandela tailerra, ezti lehiaketa eta durrunda egon dira. Gipuzkoako Erlezain Elkarteko lehendakariak, Julian Urkiolak, ezti dastatzea gidatu du eta Asiako liztorrari buruzko ikus-entzunezkoa eman du.
Ondoren, urteko erlezainei omenaldia eskaini zaie eta sariak banatu dira. Aurtengo omenduak Igeldoko Fermin Zinkunegi eta Lasarteko Migel Joanikotena dira. Gipuzkoako ezti lehiaketari dagokionez, mila lore ezti onenari saria Irungo Migel Berridik lortu du. Ezti ilunei dagokiena Jose Mari Eizagirre beizamarrak eskuratu du eta argiei dagokiena Aitor Barandiaran andoaindarrak.
Lehiaketan sei goierritarrek parte hartu dute: Pedro Aizpurua ordiziarrak, Patxi Telleria Idiazabaldarrak, Bittor Murgiondo mutiloarrak, Anastasio Mujika legazpiarrak, Jose Mari Izagirre idiazabaldarrak eta Patxi Imaz legazpiarrak.
Epaimahaia Ainhoa Tolosa teknikariak eta Tolosako Gorrotxategi gozo-dendako Rafa Gorrotxategik eta Ordiziako Unanueko Joxe Mari Jauregik osatu dute. Lehiaketara aurkeztu diren eztiak oso maila onekoak direla azpimarratu dute.
Gorrotxategik lehenengoz egin du epaimahaikide lana ezti lehiaketan. «Gustura joan da. Berarentzat mundu ezezaguna zen. Ez zekien horrenbeste ezti mota zeudenik eta bakoitzak bere nortasuna zuenik», aipatu du Urkiolak.
Gozoki dastatzea, bazkari herrikoia eta bertso saioa ere egin dira. Urkiola «oso gustura» ageri da. «Eguraldiak lagundu egin du eta jende asko ibili da. Saltzaileak ere oso gustura daude».
Bai ezti dastatze ekitaldian eta bai Asiako liztorrari buruzko emanaldian bisitariek galdera asko egin dituzte. «Ikus-entzunezkoetarako, aretoak kiroldegiak baino egokiagoak dira. Hala ere jendeak jakin-mina azaldu du. Ikusle asko ez dira erlezainak, baina ea eurek ere liztorrak harrapatzeko tranpak jarri ditzaketen galdetu digute».
Dastaketan ere jende askok parte hartu du. «Kolore ezberdinetako eztien jatorriaz galdetu digute. Argia akaziekin egiten da, iluna basoko loreekin eta mila lore delakoa, izenak dioen bezala, mota lore ezberdinekin».
Festaren arrakastak erlezainei lanean jarraitzeko indarra eman die. Gizartearen babesa badute eta orain Eusko Jaurlaritzarena nahi dute. Datorren astean teknikariekin elkartuko dira eta liztorrarekin bukatzeko ikerketa bultzea eskatuko diete.