Hondakinen kudeaketa berriaren inguruan lanean hasi da Ordiziako Udala
Ordiziako Udalak hondakinak kudeatzeko eredua aldatzea onartu zuen 2012ko ekainean. Harrezkero, informazioa emateko 10 bilera egin dira, eta denera, 450 lagunek parte hartu dute saio horietan. Aste honetan berriz, “bilketa sistema berriaren ezarpenaren inguruko planteamendua” azaltzeko bigarren bilera sorta bat hasiko dute. Erronda horretan, Atez Atekoaren Kontrako Herri Ekimenarekin eta Ordiziako Zero Zabor taldearekin bilduko dira, baina baita herriko merkatari, ostalari eta eragile politikoekin ere.
Komertzioei begira, jarraipen berezia egiteko asmoa du udalak; hartara, hezitzaileak establezimendu bakoitzera joango dira, bilketa prozesua azaltzeko eta bakoitzaren beharrak identifikatu eta asetzeko. Era berean, herriko atari guztien azterketa teknikoa egiteko prozedura ere martxan jarriko dute, bizilagunei ere ezarpen aukera posibleen inguruko proposamenak azaltzeko. Proposamen horiek, maiatzean egingo den parte-hartze prozesuan azalduko zazikie bizilagunei, eta eurekin batera “aukerarik aproposenak” bilatuko dituzte. Bileren datak, ordutegia eta lekua ezarri ahala jakinaraziko diete herritarrei.