Itsasondon gaur zabalduko dute haurren ludoteka
Herri bizitza sustatzeko egitasmoaren barruan, beste urrats bat egingo du gaur Itsasondoko Udalak. Sei urtetik hamarrera bitarteko haurrek erabiliko duten ludoteka zabalduko dute, ofizialki. Haurren parte-hartze zerbitzua deitu diote adin tarte horretakoen baliabide berriari.
Udaletxe berrituaren plaza pareko lokal batean egokitu dute haurren ludoteka, Ibarre etxearen aldeko behebarruan. Beiratez inguratua, goxoa eta argia da.
Asteazkenetan irekiko dute, 16:30etik 18:30era. Zerbitzuaren arduraduna Ainara Urteaga izango da, udalaren hezitzaile eta teknikaria ere badena.
Herri bizitza indartzeko eginahalean, herritarren parte-hartzea sendotzeko eta Itsasondorekiko atxikimendua handitzeko «txikidandik» lantzen hasteko helburua du udalak. «Herritar aktiboak helburu izanda, Itsasondon bertan parte hartuko duten eragileak sustatzea da xedea», azaldu du udalak.
Haurren ludotekaz gain, nerabeentzat eta gazteentzat ere badira Itsasondon azpiegiturak eta antolamenduak, Gaztelekua adibidez.
Jolas librea, eta gehiago
Ludotekan estrategia metodologiko ugari erabiliko dituztela aurreratu du udalak. «Jolas librea, helburu hezitzaileak lortzeko tresna garrantzitsua izango da, baina ez bakarra. Harremanak, jolas gidatuak, tailerrak, kirolak… hezitzaileak metodo ezberdinen arteko erabileraren oreka bilatu beharko du».
Ofizialki gaur inauguratuko bada ere, haurren dagoeneko izan dute aukera ludoteka berria estreinatzeko. Aste Santuko oporretan tailerrak egin dituzte 6-10 urtekoek, ludotekan.
Nerabeek Gaztelekuan eduki dute elkartzeko eta ekimenak garatzeko modua. Egun batean bazkaria egin zuten, beste batean askaria eta film emanaldia. Olaberriko karting zirkuitura ere joan ziren, ohiturari eutsiz. Eñaut Barandiaran izan zen irabazlea.
Oraindik altzariz janztea falta da ludotekan. Beste hainbat material gordetzeko ere erabiltzen da, momentuz.
Materiala eskuratzeko deia egin dute herrian. Mahai jolasak, puzzleak, panpinak, jolas sinbolikoetarako egokiak diren gauzak, sukaldeko jostailuak, eraikitzekoak, mozorrotzeko arropa, kutxak… nahi lituzkete.