Jentilen Bideetatik ibilaldi luzerako izena emateko epea ireki dute
Ataun Kirol Elkarteak bi urtean behin antolatzen duen iraupen luzeko mendi ibilaldia maiatzaren 5ean izango da, igandearekin. Jentilen Bideetatik deituriko mendi martxak zazpigarren ekitaldia izango du. Tarteko urteetan ibilbide motzagoa prestatzen dute ataundarrek.
Izena emateko modua ere jarri du elkarteak. Internetez apunta liteke (www.zirkuitua.com), edo antolatzaile bati posta elektronikoa bidalita (joxebi.goena@hotmail.com). Partaide bakoitzak 10 euro ordaindu behar du, dirua Kutxako kontu batean sartuta.
Egunean bertan, ordubete lehenago egongo da aukera izena emateko, baina aurrez mugitzeko eskatu dute.
Jentilen Bideetatik martxan 48 kilometroko bidea izango da, 10-12 orduko ibilia. Goranzko desnibela 2.234 metrokoa da. Auzoeta kiroldegian hasiko eta bukatuko da, Ataungo mendietan barrena udalerriari bira osoa eginda.