Segurak Ueman sartzea erabaki du
Segurak Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabaki du. Hala jakinarazi dute gaur, erabakia atzoko Udalbatzan hartu ondoren. Bilduren aldeko 5 botoekin eta Segura Lantzeneko kontrako 4 botorekin onartu da erabakia. Ofizialki ekainean sartuko da Segura Ueman, orduan egingo duten batzar orokorrean. Gaur egun 69 herriko osatzen dute Uema, tartean Goierriko zazpik: Segurak, Altzagak, Aramak, Gaintzak, Ezkio-Itsasok, Itsasondok eta Zaldibiak. Segura izango da 70. herria.
Segurako Udalak jakinarazi duenez, Segura Uemaren “arnasgunea zabaltzera” doa, eta hori “berri ona da euskararentzat”. Mankomunitatearen bidez udalak “herri euskaldunei dagokien hizkuntz politika aurrerakoia” garatuko duela gaineratu du. Segurako Udalaren ustez, “oso aberatsa eta emankorra” izan da Uemako herrietan euskararen normalizazioan egindako ibilbidea. “Euskaraz funtziona daitekeela erakutsi dugu. Bide horretan, aintzindaria izan da Uema, eta, horregatik, erakunde erreferentea bilakatzea lortu du instituzio arloan”.